Mundua -

Koronabirusa

1.427 pertsona hil dira Frantzian egun bakarrean, Europako daturik altuena

Dagoeneko 10.328 pertsona hil dira herrialdean koronabirusaren eraginez. 30.000 pertsonak ospitalean jarraitzen dute, 7.131k zainketa intentsiboetan.

Frantzia. Argazkia: EFE
Frantzia
Frantzia. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako osasun agintariek jakitera eman dutenez, dagoeneko 10.328 pertsona hil dira herrialdean koronabirusaren eraginez; izan ere, azken 24 orduetan 1.427 pertsona hil dira Frantzian. Pandemia hasi zenetik Europa osoan izan den daturik altuena da hori.

Horietako 7.091 ospitaleetan hil dira, 607 azken egunean, eta beste 3.237 zaharren egoitzetan, 829 azken 24 orduetan, Jerome Salomon Frantziako Osasun zuzendari nagusiak azaldu duenez. Gainera, 30.000 pertsonak ospitalean jarraitzen dute, horietako 7.131k zainketa intentsiboetan, aurreko egunean baino 59 gehiago.

Horren aurrean, Europak "pandemiaren erdigunea" izaten jarraitzen duela deitoratu du Salomonek, eta zainketa intentsiboetan dauden gaixoen % 61ek 60 eta 80 urte bitartean dituztela jakinarazi du. 30 urtetik beherakoak, berriz, 100 bat dira.

"Estatu mailan, gehiegizko hilkortasuna egonkortzen ari da", adierazi du Salomonek, eta hildakoen % 82k 70 urte baino gehiago dituztela esan du. Frantzian egun batean hildakoen datua bikoiztu egin zen astelehenean, bi egunetan behera egin ondoren.

Dena dela, 20.000 pertsona inguru sendatu dira osasun arloko krisia hasi zenetik, gaixotasuna ospitaleratu gabe gainditu dutenak kontuan hartu gabe.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Paris Europa Frantzia Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Macronen Gobernua