Mundua -

BBCren arabera

Tortura-zelai bat aurkitu dute Zimbabweko meatze gune oparo batean

Presoek erasoak eta bortxaketak jasateaz gain, diamanteak ateratzeko egunean ehun zartada baino gehiago jasotzen dituzte. Europar Batasunak diamanteen salerosketa bultzatu nahi du eskualde horretan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zimbabweko Gobernuko segurtasun-indarrek kudeatzen duten tortura-zelai bat aurkitu du BBC telebista kateko Panorama programak Marangeko meatze gune oparoan.

Tortura gune horren aurkikuntza Europar Batasunak diamanteen salerosketa herrialdeko bi meategi nagusienetan bultzatzeko dituen egitasmoekin batera eman da.

BBCk eskuratu duen barne-dokumentu baten arabera, Europar Batasunak bi meategi horiek nazioarteko araudia betetzeko egokitu ditzaten nahi du, diamanteen esportazioa baimendu ahal izateko. 2009an ezarritako debeku komertzial baten ondorioz, gaur egun ezin da diamanterik saldu.

Debeku hori Kimberleyren Prozesuak, diamanteen salerosketa antolatzen duen nazioarteko erakundeak, ezarri zuen, Zimbabweko Gobernuko segurtasun-indarrek Marangeko lurraldean egindako hilketa handiak eta abusuak egiten zituztela erakusten zuten txosten batzuetan oinarrituta.

"Tortura leku bat da; batzuetan, meatzariak ezin dira ibili ere egin, erasoengatik", adierazi du otsailean tortura gunetik irten zen presoetako batek. "Goizez 40 zartada ematen zizkiguten, 40 arratsaldez eta 40 gauez", kontatu du gizonak.

Hainbat presok adierazi dutenez, gizonak hainbat egunez sartzen zituzten tortura-eremuan, preso gehiago iritsi arte. Emakumeak lehenago askatzen zituzten, gehienetan tortura- esparruko guardiek bortxatu eta gero. Lekuko batzuek jakitera eman dutenez, bi tortura guneek gutxienez hiru urte daramatzate irekit gutxienez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea