Mundua -

Azken 3 asteetako datu onena

Hildakoak nabarmen jaitsi dira Italian, azken 24 orduetan

Guztira 431 pertsona hil dira larunbatetik igandera artean, azken hiru asteetako datu baxuena delarik.

Emakume bat, maskarila jarrita duela Erromako kaleetatik oinez. Argazkia: EFE
Erroma. Argazkia: EFE
Emakume bat, maskarila jarrita duela Erromako kaleetatik oinez. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiak arnasa hartu du apirilaren 12an. Koronabirusagatik hil diren pertsonak asko dira, 19.899 guztira, baina azken 24 orduetan 431 izan dira hildakoak, eta hauxe da azken hiru asteetan Italiak erregistratu duen datu baxuena, Angelo Borrelli Babes Zibileko buruzagiak egunero eskaintzen duen buletinean adierazi duenez.

Martxoaren 19an 427 hildako erregistratu ziren egun bakarrean, eta ordutik Italiak ez du igande honetakoa baino datu baxuagorik erregistratu. Guztira, 156.363 dira kutsatutakoak, azken egunean 4.092 kutsatu gehiago egon direlarik, larunbateko 4.694ak baino gutxiago.

Gaur egun, positibo eman dutenak 102.253 dira, eta 1.984 pertsonako gorakada izan du larunbatarekin alderatuta; horietatik 71.063 euren etxeetan isolatuta daude sintoma arinekin, 27.847 daude ospitaleratuta, eta hauetatik 3.343 zaintza berezien sailean.

Presio gutxiago ospitaleetan

"Beheranzko joeran gaude jada. Ospitaleratutakoen kopurua murriztu egin da, baita zaintza berezietan daudenena eta hildakoena ere. Esan dezakegu, hartu ditugun neurriak eraginkorrak izaten ari direla birusari aurre egiteko", azaldu du Luca Richeldi Erromako Gemelli ospitaleko neumologia arduradunak.

Batzuetan, datuak "faltsutu" daitezkeela argitu du Richeldik, izan ere, test gehiago egiten badira, kasu positiboek gora egingo baitute. "Datuek esaten digutenez, gure osasun-sistema presio gutxiago izaten ari da, ospitaleratutako pertsonak gutxiago direlako aurreko astearekin alderatuta, eta gaur 217 pertsonek jaso dute alta", esan du. Gaineratu du, bederatzigarren egunez jarraian jaitsi dela zaintza berezien sailean dauden pertsonen kopurua.

Kutsatutako gutxiago daude Lombardian, baina egoera ez dago kontrolatuta Milanen

Lombardia da Italian koronabirusak gehien astindu duen eskualdea, nahiz eta apirilaren 12 honetan, hildakoen kopuruak beherakada nabarmena izan duen; azken 24 orduetan 110 pertsona hil dira, egun bat lehenagoko 273ak baino askoz gutxiago, Giulio Gallera Osasun kontseilariak esan duenez. Guztira, 10.621 pertsona hil dira Lombardian koronabirusagatik.

Azken 24 orduetan gora egin du kutsatutakoen zifrak, 1.460ra helduta, nahiz eta larunbateko 1.544ak baino gutxiago izan diren. Hala ere, Gallerak adierazi du, egoera ez dagoela kontrolatuta Milango probintzian, eta kutsatutakoen datuek altuak izaten jarraitzen dutela, azken 24 orduetan 412 kutsatu gehiago egon baitira. Larunbatean 520 izan ziren kutsatutakoak, eta horietatik 193 kasu hirian bertan eman ziren.

Kontrolak errepideetan jai egunetako irteerak saihesteko

Aste Santuko egun hauetan, poliziaren kontrolak ugaritu egin dira, eta dronak ere erabili dituzte, jendeak jai egunak bidaiatzeko edota senideak bisitatzeko erabil zitzaketelakoan. Adibidez, larunbatean (apirilak 11) pilaketak egon ziren Erromako irteeretan, eta poliziak banan-banan geratu zituen auto guztiak.

Barne Ministerioak eskainitako datuen arabera, 280.717 pertsonei egin zitzaizkien kontrolak, eta 89.931 kontrol enpresa eta negozioetako garraioei. Guztira, 12.514 pertsonek jaso zituzten isunak bidaiatzeko murrizketak ez errespetatzeagatik; 104 baimen faltsuak erakusteagatik, eta 53 positibo emateagatik berrogeialdia ez errespetatzeagatik.

Zer egin mediterraneoaren erdialdeko gabarrekin?

Koronabirusaren pandemiari Italiako portuetara iritsi daitezkeen etorkinen kudeaketa gehitu behar zaio. Hau dela eta, Garraio Ministerioak erabaki zuen, apirilaren 6an Alemaniako Sea Eye Gobernuz Kanpoko Erakundearen "Alan Kurdi" ontziak erreskatatutako 156 etorkinak lekualdatzea Kostaldeko Guardiaren bidez, berrogeialdian gera daitezen, portuak itxita baitaude koronabirusaren pandemiagatik.

Baina, aktibista batzuek abiarazitako Alarm Phone telefono lineak mediterraneoan arriskuan dauden etorkinen deiak jasotzen ditu, eta erdialdeko zonan lau ontzi jitoan daudela. Sea Watch Gobernuz Kanpoko Erakundeak adierazi duenez, lau ontzi hauetako bat iraulia antzeman dute, eta Europak etorkinak alde batera utzi dituela salatu du.

Bestalde, Pozzalloko (Sizilia) portura txalupa pneumatiko bat iritsi zen 100 etorkinekin, bahiz eta Italiak portu guztiak itxita dituen. Roberto Ammatuna Pozzalloko alkateak laguntza eskatu du, bertako harrera-zentroa isolatuta baitago 15 urteko torkinetako batek koronabirusagtik positibo eman baitzuen.

Egoera ikusta, Siziliako 32 alkateek, Guiseppe Conte Italiako presidenteari idatzi diote azken egunetan iritsi diren etorkinen harrera antolatzeko, eta kasu hauetan  koronabirusaren pandemiari aurre egiteko neurriak nola aplikatu behar dituzten jakiteko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Eguneko albisteak Albisteak Italia Osasun albisteak Koronabirusa