Mundua -
Hirugarren protesta eguna
16.000 agente izango dira Londresko kaleetan, istiluei aurre egiteko
Manchesterreko hirigunean, liskarrak izan dira 2.000 gazteen eta Poliziaren artean. Larunbatetik 563 lagun gutxienez atxilotu dituzte, istiluetan parte hartu dutelakoan.
Erredakzioa
Manchesterreko hirigunean, liskarrak izan dira 2.000 gazteen eta Poliziaren artean, BBC telebistako kateak jakitera eman duenez. Gatazkak hirigunearen kale nagusietan izan dira. Bertako dendei sua eman diete eta merkataritza-gune batean sartu eta zenbait dendetan lapurreta egin dituzte.
Scotland Yard Londresko Poliziak agente kopurua hirukoiztu du astearte honetako gaurako azken egunotan Erresuma Batuko hiriburuko hainbat auzotan zabaldu den indarkeriari aurre egiteko.
Baliteke laugarren gauez istiluak izatea Londresen; hori dela eta, David Cameron lehen ministroak ordena mantentzeko "beharrezkoa dena" egingo dutela adierazi du.
Bere oporrak eten ostean, Cameronek krisi gabinetea bildu du eta kaleetan polizia agente gehiago jarriko dituela esan du. Agintariak iragarritakoaren arabera, Londresen 16.000 polizia kaleetara aterako ditu, "gaizkile huts eta arruntek" eragindako istiluei "aurre egin eta amaiera emateko". Halaber, ostegunean Parlamentua bilduko da egoerari aurre egiteko.
Istiluek inoiz ezagutu ez den tamaina hartu dute, asteartean gazte bat hil ostean. Azken hiru egun hauetan Poliziak 563 pertsona atxilotu ditu Londresen suteak, arpilatzeak eta suntsiketak eragin ostean.
Asteartean 44 polizia eta 14 zibil zauritu ziren; horietatik, 26 urteko gazte bat hil da tiro baten ostean.
Datozen egunotan Poliziak istiluen nondik norakoak aztertuko ditu; besteak beste, kaleetako segurtasun kamaretako irudiak, eta epaileen aurrera eramango dituzte erasoen arduradunak.
Mark Dugganen heriotzaren inguruan zalantzak daude
Batzorde independente batek zabaldutako ikerketa baten arabera, baliteke Londreseko Poliziak joan den ostegunean tiroz hil zuen Mark Dugganek armarik ez erabili izana.
"Jazoeraren lekuan aurkitutako arma erabili izana ezin dugu une honetan baieztatu", azpimarratu du agiri baten bitartez Poliziari egindako Kexen Batzorde Independenteak.
Duggan, 29 urtekoa, tiroz hil zuen Scotland Yardeko agente batek eta honen heriotzak larunbat gauetik Londresko hainbat auzotatik zabaldu den indarkeria piztu zuen.