Mundua -

Istiluak, laugarren gaua

Barealdia Londresen eta istilu larriak Manchester eta Birminghamen

Poliziak hiriburuko kaleak hartu ditu gau osoan. Manchesterren, aldiz, 2.000 gaztek istiluak sortu dituzte eta hiru pertsona hil dira auto batek harrapatuta. 685 pertsona atxilotu dituzte dagoeneko.

Istilurik larrienak Manchester hirian izan dira. Argazkia: Efe.
Istiluak Manchester eta Birminghamera hedatu dira

03:52

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nolabaiteko barealdia izan dute bart Londresen Poliziak, istilu gehiago saihesteko nahian, 16.000 agente kaleetara atera ondoren.

Iluntzean, hiriburuko kaleak hustu egin ziren; zineak, antzokiak eta hainbat denda ere itxi egin zituzten aurreko egunetako istiluak errepikatuko ote ziren beldurrez.

Manchesterren, ipar Ingalaterrako 500.000 biztanleko hirian, 2.000 gazte inguruk Poliziaren kontra egin du. Gainera, dendetan arpilatzeak egin eta suteak eragin dituzte. Ondorioz, tranbia garraio publikoa eten egin dute eta Poliziak hiriguneko kaleak hartu ditu.

Birminghamen, Erresuma Batuko bigarren hiri jendetsuenean, istiluak bigarren egunez izan dira. Gazteek dendetan lapurreta egin dute eta Poliziaren kontra ere aritu dira.

Gainera, hiru pertsona hil ziren gauerdi aldera auto batek harrapatuta. BBC telebista katearen arabera, poliziak gidaria atxilotu du eta kotxea konfiskatu.Bi biktima ospitalean hil ziren. Hirugarrena, berriz, egoera kritikoan egon da gau osoan eta goizean hil da.

West Bromwichen eta Nottinghamen ere istiluak izan dira. Istiluak hasi zirenetik lau egun igaro dira eta dagoeneko 685 pertsona atxilotu dituzte. Ehunka zauritu daude eta asteartean pertsona bat hil egin zen.

Poliziak susmagarrien irudiak publikatu ditu

Bestalde, Scotland Yardek Londreseko istiluetan parte hartu duten susmagarrien argazkiak bere webgunean publikatu ditu eta haien izen-abizenak jakiteko herritarren laguntza eskatu du.

Hurrengo egunetan, Poliziak bideozaintzarako kamerek hartutako irudiak aztertuko ditu pertsona gehiago atxilotzeko.

Mark Dugganen heriotzaren inguruan zalantzak daude

Batzorde independente batek zabaldutako ikerketa baten arabera, baliteke Londreseko Poliziak joan den ostegunean tiroz hil zuen Mark Dugganek armarik ez erabili izana.

"Jazoeraren lekuan aurkitutako arma erabili izana ezin dugu une honetan baieztatu", azpimarratu du agiri baten bitartez Poliziari egindako Kexen Batzorde Independenteak.

Duggan, 29 urtekoa, tiroz hil zuen Scotland Yardeko agente batek eta honen heriotzak larunbat gauetik Londresko hainbat auzotatik zabaldu den indarkeria piztu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea