Mundua -
Analisia
Europako Banku Zentralaren mugak
Azken egunotan finantza munduan izan den ekaitzak AEBetako Erreserba Federalaren eta Europako Banku Zentralaren funtzionamenduan dagoen desberdintasuna ikusteko balio izan du.
Jesus Torquemada
AEBetako Erreserba Federala atzeraldia saihestu nahian dabil, ahal bezala. Diru merkez gainezka jarriko du merkatua, 2013 arte ehuneko 0,25eko interes tipoa mantentzea erabaki baitu. Gainera, Estatu Batuetako zor publikoa modu masiboan erosiko du, kotizazioari eutsi ahal izateko. Eta horrek inflazio arriskua badakar, ez dio axola.
Bestalde, Europako Banku Zentralak 1,5eko interes tipoekin jarraituko du eta ez du jeisteko asmorik, bere estatutuetan jasotzen duen helburu nagusia inflazioa kontrolatzea delako; eta teorian, dirurik merkeenak inflazioa eragin dezakeelako.
Zor publikoari dagokionez, Italiako eta Espainiako bonoak erositako biharamunean, Jean-Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidenteak Alemaniatik iritsitako kritika gogorrei aurre egin behar izan die.
Alemaniarrek diote bankuaren egitekoa ez dela hori eta italiarrek eta espainiarrek finantzatzeko arazoak badituzte, enpresa publikoak edota urrezko erreserbak saldu besterik ez dutela. Hau da, Europako Banku Zentralak ez du erabateko independentzia lortzen gobernuek bere funtzionamenduan eskua sartzen jarraitzen dutelako. Ez batek bakarrik, 27ek baizik.