Mundua -

Erasoa

Gutxienez 19 pertsona hil dira Kanada ekialdean izandako tiroketa batean

Erasoa larunbat gauean hasi zen Portapiquen, oraindik argitu gabe dauden arrazoiak direla eta. Tiratzailea hilda dago eta ikerketak aurrera jarraitzen du probintzia osoko eremuetan.

Tiroketa Portapiquen, Eskozia Berrian (Kanadako ekialdea). Argazkia: EFE
Tiroketa Portapiquen, Eskozia Berrian (Kanadako ekialdea).
Gutxienez 17 pertsona hil dira Kanadan izandako tiroketa batean

0:52

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 19 pertsona hil dira Portapiqueko (Eskozia Berria, Kanada ekialdea) landa eremu batean igandean izandako tiroketan. Ustezko erasotzailea ere hil egin da, Kanadako Poliziak jakitera eman duenez.

Susmagarria Gabriel Wortman da, 51 urtekoa eta herrian ezaguna, eta agenteek atzetik jarraitu zuten igande goizean, 11:40 aldera gasolindegi batean harrapatu zuten arte.

Chris Leather Kanadako Poliziako superintendenteak esan duenez, zaila da jakitea zenbat pertsona hil diren, izan ere, "orain arte ikertu ez diren probintzia osoko eremuetan ikerketa zabalik dago oraindik". Leatherek azaldu duenez, hasiera batean badirudi tiroketak ez duela arrazoi jakin bat, bere esanetan, "neurri batean behintzat, hilketak ausaz egin direla dirudite".

Biktimen kopuruak gora egin du azken orduetan, hasiera batean "10 bat hildako" zenbatu eta gero, Kanadako Poliziaren bozeramaile batek 13 pertsona hil zirela esan baitzuen.

Behin betiko datuen zain, azken 30 urteetako tiroketarik odoltsuena izan da. Aurretik, erasorik odoltsuena 1989an gertatu zen, gizon batek 15 emakume tirokatu zituenean Montrealen.

Bizilagunek lehen tiroak entzun ostean deitu zioten Kanadako Poliziari, eta agenteek berehala identifikatu zuten susmagarria. Ildo horretatik, "Poliziaren auto bat dirudiena gidatzen duela eta ustez Poliziaren uniforme bat jantzita daramala" ohartarazi zuten.

"Gizon horrek uniforme bat eta polizia-auto bat bere esku izateak benetan pentsarazten du ez dela ausazko eraso bat izan", adierazi du Leatherrek.

Testuinguru horretan, oraingoz ez dute gertatutakoaren xehetasun gehiagorik eman, baina lekukoek diote hainbat auto sutan ikusi dituztela.

Dena dela, jakina da erasoa larunbat gauean hasi zela, eta Portapiqueko bizilagunek kalean entzundako tiro hotsen berri eman ondoren, Poliziak haien etxeetan geratzeko eskatu zien.

"Biktima guztiak ditut gogoan egoera latz honetan", adierazi du Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak, eta Poliziaren lana eskertu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak Kanada