Mundua -
Ingalaterrako egoera ikusita
New Yorkeko Poliziak Twitter eta Facebook behatuko ditu
Horretarako talde berezia sortuko du. Neurri horrekin elkarretaratze jendetsuei edo Erresuma Batuko indarkeria egoera sortu lezaketen egoerei aurre hartu nahi die.
Erredakzioa
Gizarte komunikazio sareak behatzeko departamentu berezia sortuko duela iragarri du New Yorkeko Poliziak.
Taldearen helburua sare sozialak arakatzea da elkarretaratzeak eta ekitaldi jendetsuak aurreikusteko. Neurri horrekin Erresuma Batuan izandako kale-indarkeria boladak saihestu nahi dituzte.
Bretainiar irletako egoerak hausnarketa eragin du mundu osoko gobernu eta segurtasun indarretan. Sare sozialek kritika ugari jaso dituzte, iskanbila eta istilu guztiak zabaltzeko bide nagusia izan direla leporatuta.
Departamentu berri horretako poliziek Facebook, Myspace eta antzeko sare sozialak behatuko dituzte, Twitter eta gainontzeko komunikazio sareak ere bai, sarean dauden mugimenduak kontrolatzeko.
Talde honi esker, Poliziak elkarretaratze jendetsuak aurreikusteko aukera izatea eta Erresuma Batuan gertatutako egoerak saihestea espero dute.
Departamentu horren arduradun nagusia Kevin O''Connor izango da, delitu informatikoetan aditua eta sare sozialetan esperientziaduna.