Mundua -
Norvegia
Breivikek Poliziari deitu zion, jendea tiroz hiltzen ari zen bitartean
Ultraeskuindarrak errenditu nahi zuela esan zuen, eta bere proposamena onartu zutela baieztatzeko eskatu zuen. Deirik jaso ez zuenez, tirak egiten jarraitzea erabaki zuen.
Erredakzioa
Anders Behring Breivik ultraeskuindarrak behin baino gehiagotan deitu zion Poliziari errenditzeko nahia erakutsiz, baina, ez zuenez inolako erantzunik jaso, Utoya uharteko kanpamenduan tiroak egiten jarraitzea erabaki zuen, Aftenposten egunkariaren arabera.
Geir Lippestadek, Breiviken abokatuak, egunkariari kontatu dionez, "atxilotu baino lehen, hainbat aldiz deitu zion Poliziari, hamar aldiz behintzat, eta birritan baino ez zioten erantzun". "Komandantea zela esan eta bere izena eman zuen".
Ultraeskuindarrak berak aste honetako galdeketetan eginiko adierazpenen arabera, errenditu nahia erakutsi zuen, eta bere proposamena onartu zutela baieztatzeko eskatu zuen. Etenaldi bat egin ondoren ez zuenez deirik jaso, tiroak egiten jarraitzea erabaki zuen.
Bizirik irtendako zenbait pertsonak esandakoaren arabera, etenaldia egin zuen Breivikek tiroketan. Baliteke une horretan deitzea Poliziari. Izan ere, Buskerudeko polizia-etxeak Breivikekin izandako elkarrizketa bat grabatu zuen.