Mundua -
Erasoak, Pakistanen
47 pertsona hil eta 70 zauritu dira Pakistanen, leherketa batean
Gainera, bost polizia hil eta beste 40 bat zauritu dira eliteko indarrak zihoazen autobus baten kontra egin duten eraso batean. Gero, poliziak bi erasotzaile hil ditu.
Erredakzioa
Gutxienez 47 pertsona hil eta 70 baino gehiago zauritu dira Jamrud Tehsil hiriko meskita batean, Jyber eskualdean (Pakistan), Geo News telebista kateak jakitera eman duenez.
Lehergailua meskitaren barruan zegoen eta leherrarazi dutenean tenpluko sabaia erori egin da. Leherketa ostiraleko ohiko otoitzaren ostean izan da, bertako gobernuak esan duenez.
Leherketak kalte handiak egin ditu meskitan, eta erreskate taldeak lanean ari dira, hondakin artean inor harrapatuta geratu bada bertatik lehenbailehen ateratzeko.
Bertako komunikabideek azaldu dutenez, gazte batek egindako atentatu suizida bat izan da. Oraingoz, ez du talde bat berak ere atentatua nork egin duen erreklamatu.
Al Kaida talde terroristak bonbak erabiliz hainbat atentatu egin ditu Pakistanen azken hilabeteotan, AEBetako talde berezi batek maiatzaren 2an Abbottabaden, Islamabadetik 80 kilometro iparraldera, Osama bin Laden hil zuenetik.
Erasoa autobus baten kontra
Gutxienez bost polizia hil eta beste 40 bat zauritu dira armadun gizon batzuk eliteko indarrak zihoazen autobus baten kontra egindako eraso batean, Karachi hirian (Pakistanen hegoaldean), Geo News aipatutako iturrien arabera.
Erasoaren ostean, polizia agente batzuek egileen aurka egin zuten eta gutxienez bi hil dituzte.