Mundua -

Afganistanen

19 hildako, British Councilen aurkako eraso taliban batean, Kabulen

Gainera, gutxienez 37 pertsona zauritu dira. Erasoa Afganistan Erresuma Batutik independizatu zela 92 urte bete direnean izan da.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost miliziano talibanek Kabuleko British Council setiatu dute hainbat orduz, ostiral honetan, eta gutxienez 19 pertsona hil dituzte, Afganistan Erresuma Batutik independizatu zela 92 urte bete direnean.

Bonba-auto batean suizida bat sartu eta British Councileko sarreran jarri da, egunsentia baino lehen, eta lehergaiak zieramatzan beste ibilgailu batek eztanda egin du zertxobait geroago, lau erasotzaile (hiruk burka jantzita zuten) eraikinean sartu dira, Poliziaren arabera.

Dozenaka soldadu afganiarrek eta segurtasuna ezartzen laguntzeko indar internazionalek eraikina inguratu dute berehala, bi helikopterok gunea airetik zaintzen zuten bitartean. Borrokaldiak zortzi ordu iraun du, eta zortzi leherketa entzun dira gutxienez.

Barne Ministerioko bozeramaile batek adierazi duenez, gutxienez 37 zauritu izan dira British Councilen kontrako erasoan. "Hau britainiarren interesei eraso egin nahi zien ekintza zital eta koldarra izan da, baina azkenean, afganiar asko hiltzea eragin du eta guk hori sentitu egiten dugu", esan du Afganistango enbaxadore britainiarrak, Sir William Pateyk.

Aldarrikapen talibana

Talibanek azaldu dutenez, erasoaren bitartez bi mezu bidali nahi izan dituzte: "Bata, Afganistango Gobernuari, eta bestea, Erresuma Batukoari", adierazi du Zabihula Mujahid bozeramaileak.

"Atzerritar guztietatik, bereziki britainiarretatik, independente mantenduko garela gogorarazten ari gaitzaizkie", esan du Mujahidek, Afganistanek duela 92 urte Erresuma Batutik independizatzea lortu zuela (ostiral honetan ospatzen ari dira) oroitarazita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea