Mundua -

Giroa gero eta gaiztotuago

120 palestinar baino gehiago atxilotu ditu Israelek Cisjordanian

Atxilotuen artean Hamasi lotutako hainbat pertsona daude, esaterako, Muhammad Mutliq Abu Juheisha diputatua. Bart israeldar bat hil da Beer Sheva hiriaren kontrako erasoaldi batean.

Misilen kontrako sistema berria, atzo. Irudia: EFE
Misilen kontrako sistema berria, atzo. Irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

120 palestinar baino gehiago, gehien bat Hamas mugimendu islamistari lotutakoak, atxilotu dituzte goizaldean Israelek Cisjordanian egindako operazio handi batean, iturri ofizialen arabera. Operazioa Gazatik Israeleko hegoaldera jaurtitako misileei erantzunda egin dute, zabaldu dutenez.

Operazioaren ardatza Hebron hirian kokatu zen; bertan Israeleko militarren ehundik gora ibilgailu sartu dira, hiru bide ezberdinetik, eta 2003tik hiri horretan egindako operaziorik garrantzitsuena izan da.

Atxilotuen artean Muhammad Mutliq Abu Juheisha Hamasen diputatua da.

Bestalde, israeldar bat hil eta beste zazpi zauritu -bi larri- dira bart, palestinarrek Beer Sheva hiriaren kontra egindako oldarraldi batean, zenbait misilekin. Erasoa Erresistentzia Popularren Komiteek hartu dute bere gain.

Israeleko Armadaren arabera, bost misil bota dituzte bart Gazatik 150.000 biztanle baino gehiago dituen hiri horren aurka, eta horietatik hiru geldiaraztea lortu du ''Kipat Barzel'' (Iron Drone) misilen kontrako sistema berriak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea