Mundua -
Analisia
DSK libre, Frantziako Alderdi Sozialista preso
Alderdi sozialistak hautagai gisa aurkezten badu, errudun jotzen dutela emango du. Hautagai aurkezten badute, aldiz, DSK-k emakumea bortxatu zuela uste dutenen botoa galtzeko arriskua dago.
Jesus Torquemada
Dominique Strauss Kahn Frantziara itzultzeak Frantziako politika goitik behera astinduko du. Denboraz ote dabil oraindik Frantziako Alderdi Sozialistako hautagai izan eta Eliseorako bidean Nicolas Sarkozy egungo presidentearekin lehiatzeko? Bortxaketaren inguruko prozesuak New Yorken aurrera jarraitu izan balu, bistakoa da ezetz; baina behin aske eta kargurik gabe egonda, dena da posible. Ez dakigu zer gertatu zen hoteleko gela hartan, eta bakoitzak bere iritzia du. Batzuek uste dute bortxaketa gertatu zela, beste batzuek aldiz ezetz diote eta, gainera, hau guztia DSKren karrera politikoa hondoratzeko muntaia besterik ez dela izan.
Fiskaltzak kargu guztiak erretiratzea erabaki du, salaketa jarri zuen Nafisatou Dialloren testigantza ez delako sinesgarria. Baina, kontuz; horrek ez du esan nahi egun hartan gertatutakoaz esandakoa sinesgarria ez denik, baizik eta, aurrez beste kontu batzuetan gezurretan aritu zenez, epaiketa batean zaila dela epaileek sinestea.
DSKren abokatuen estrategia arrakastatsua izan da. Erraza zen Estatu Batuetara paperik gabe heldu zen etorkin batek bere iraganean puntu beltzen bat izatea; sartzeko amarruren bat edo gezurren bat esan izana. Edozein kasutan, Strauss-Kahn Frantziara itzultzeak estuasunean jarri du Alderdi Sozialista. Hautagai gisa aurkezten ez badu, errudun jotzen dutela emango du. Hautagai aurkezten badute, aldiz, DSK-k emakumea bortxatu zuela uste dutenen botoa galtzeko arriskua dago.