Mundua -
Analisia
Sarkozyk irabazi du Libiako gerra
Frantziako presidenteak goi-bilera deitu du Parisen irailaren 1erako. Han izango dira errebeldeak babestu dituzten herriak eta Gadafi osteko Libian beren itzalari eutsi nahi dioten gobernuak.
Jesus Torquemada
Libiako Trantsizio Kontseilu Nazionalaren buruhauste nagusia eta babesa eman dien atzerriko gobernuen kezka, zera da: ez dadila gertatu Iraken 2003an Saddam Hussein erori zenean gertatu zena. Ordu hartan, IRAK noraezean geratu zen, kontrolik gabe aste batzuetan.
Saddamen armada eta polizia desegin egin zituzten eta ez zegoen inor gauza zenik trantsizioa behar bezala antolatzeko. Libian, poliziei beren lekuetan jarraitzeko eskatu die behin behingo Gobernuak, eta Gadafiren aldean zegoen militar asko errebeldeen aldera igaro da.
Nazioartearen laguntzari dagokionez, Nicolas Sarkozy presidente frantziarrak goi-bilera deitu du Parisen irailaren 1erako. Han izango dira errebeldeak babestu dituzten herriak eta Gadafi osteko Libian beren itzalari eutsi nahi dioten gobernuak.
Iraken eta Libian gertatutakoaren arteko alderik deigarrienetako bat zera da: Irakeko gerra, ordu hartan Estatu Batuetako presidente zen George Bushen erabakia izan zela, eta Washington izan zela buru gerrate osoan. Libian, ordea, ozta-ozta esku hartu dute Estatu Batuek eta Frantzia nahiz Britainia Handia izan dira parte hartzaile nagusiak. Orain, Srkozyk errenta atera nahiko dio bere ahaleginari, Libiaren etorkizuna erabakiko duen nazioarteko biltzarraren buru jarriz.