Mundua -

INDIA

Amphan zikloi indartsuak 88 hildako utzi ditu Indian eta Bangladeshen

Gainera, ekaitzak kalte material handiak utzi ditu, kaleak urez bete eta orduko 165 kilometroko haizeteek zuhaitzak bota eta teilatu ugari eraman baititu.

Amphan zikloiak Bengala jo du. Argazkia: EFE
Amphan zikloiak Bengala jo du
Amphan zikloiak Bengala jo du. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 88 pertsona hil dira Amphan superzikloiaren eraginez Bangladeshen eta Indiako ekialdean, horietako 72 Indiako Bengalan, eta ekaitzak kalte material handiak utzi ditu.

"Orain arte, 72 pertsona hil dira. Inoiz ez dut horrelako hondamendirik ikusi; koronabirusa baino okerragoa da", deitoratu du Mamata Banerjee Bengalako Gobernuko buruak prentsaurreko batean, eta asteazkeneko 10 hildakoen kopurua igo du.

"Amphan zikloiak uste baino gehiago suntsitu du", azpimarratu du Banerjeek Twitterren duen kontuan. Kalte materialak handiak utzi ditu, kaleak urez bete eta orduko 155 eta 165 kilometro arteko haizeteek zuhaitzak bota eta teilatu ugari eraman baititu. Orduko 185 kilometrorainoko ufadak neurtu zituzten asteazken arratsaldean, zikloiak lurra jo zuenean.

Ekaitzak ahulago jo du Kalkuta, Bengalako 4,5 milioi biztanleko hiriburua, orduko 120 kilometroko haize-boladekin, baina ez du ekaitzaren eragina saihestu. Euri-jasek eremu zabalak hartu dituzte bertan, hiriko aireportua tartean, eta kalte larriak izan dira hainbat tokitan.

Narendra Modi Indiako lehen ministroak Bengalan zikloiak eragindako hondamendiari aurre egiteko erantzun azkarra emango duela agindu du.

16 hildako Bangladeshen

Bangladeshen, 16 pertsona hil dira, gehienak herrialdeko hego-mendebaldeko hainbat eskualdetan zuhaitzak erorita, Ayesha Akter Larrialdietako Osasun Operazioen Kontrolerako Aretoko bozeramaileak Efe albiste-agentziari baieztatu dionez.

Ia 56.000 etxebizitza erabat suntsitu eta 162.000 kaltetu dira, Shah Kamal Hondamendiak Kudeatzeko eta Sorosteko ministroaren idazkariaren esanetan, eta dike bateko 154 kilometro ere kaltetu dira.

Kamalen arabera, "11.000 milioi taka (118,2 milioi euro) inguruko kalteak eragin ditu guztira, arrantza eta nekazaritza sektoreetako galerak eta errepideetako kalteak barne".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alerta meteorologikoak Eguneko albisteak Albisteak India