Mundua -
Hegaldi ugari, bertan behera
AEBetako ekialdea, 'Irene' urakanaren zain
Bost estatuetan larrialdi egoera ezarri dute eta milaka hegaldi bertan behera geratu dira. 250.000 lagun inguru hustu dituzte New Yorken. Obamak ohartarazi duenez, urakana "historikoa" izango da.
Erredakzioa
'Irene' urakana AEBetako kostaldera heldu da dagoeneko. Ekaitz Ipar Karolinatik sartu da (ekialdea) eta indarra galdu badu ere, haize-boladek 150 km/h-ko abiadura gainditu dute. New Yorkeko estatuak 250.000 lagun hustu dituzte, itsas-mailaren azpitik bizi direlako. Datozen orduetan, ekaitzak iparralderako bidea hartuko du eta indarra irabazten joango da.
Barack Obamak ohartarazi duenez, urakana "historikoa" izango da. Gainera, Virginiako eta Massachussettseko estatuetan ere larrialdi egoera ezarri du AEBetako presidenteak. Guztira, bost estatuk dute larrialdi egoera.
AEBetako aireportuetako buruzagiek baieztatu dutenez, 'Irene' urakanak bultzatuta, New Yorkeko bost aireportu itxi dituzte, hots, JFKeko, Newark Libertyko, Stewarteko, LaGuardiako eta Teterboroko aireportuak. Horrela, nazioarteko eta tokiko hegaldiak bertan behera geratuko dira.
"Haize-bolada gogorrak eta olatu handiak"
Edd Rappaport Urakanen Zentro Nazionaleko zuzendariordeak jakinarazi duenez, 'Irene' urakanaren indarra eta tamaina ikusita, "sistema tropikal batetik eman den azken 20 urteetako gertakaririk garrantzitsuena izango da". Honen esanetan, 'Irene' kostaldeko bazterretik hurbil mugituko da, tankera honetako ekaitz tropikaletan ezohikoa dena.
"Gertakari meteorologiko hauek okerragoak izan ohi dira ekialdean eta oraingoan, hirigunetik oso hurbil garatuko da 'Irene'", azaldu du Rappaportek. Halaber, New Englandeko hegoaldea (AEBetako iparraldea) astinduko du eta bertan, "haize-bolada gogorrak eta olatu handiak" izango dira.
Gauzak horrela, AEBetako hegazkin konpainiek bertan behera utzi dituzte mila hegaldi. United eta Continental Airlinesek 2.300 hegaldi bertan behera utzi ditu eta Delta Airlinesek, berriz, 1.300 hegaldi.