Mundua -
Analisia
"Gerren hamarkada zorigaiztokoa" amaitutzat eman du Obamak
AEBetako presidenteak hitzaldi oso garrantzitsua egin zuen atzo Ameriketako Legioaren aurrean. Iraken eta Afganistanen dituzten tropak etxeratzeko prozesuak atzerabueltarik ez duela iragarri zuen.
Jesús Torquemada
Estatu Batuetako presidenteak, Barack Obamak, hitzaldi oso garrantzitsua egin zuen atzo; esan zuenagatik eta aurrean zituen entzuleengatik izan zen berezia. Ameriketako Legioko ordezkarien, Estatu Batuetako gerrako beteranoen elkarte handieneko kideen aurrean hitz egin zuen presidenteak. Estatu Batuek Iraken eta Afganistanen dituzten tropak etxeratu egingo dituztela berretsi zuen, atzerabiderik ez dagoela erantsita. Atzerriko abentura militarrak ahaztuta, herrialdearen ekonomia suspertzea da orain euren helburu nagusia.
Obamak azpimarratu zuenez Iraken dauden berrogeita hamar mila soldadu estatubatuarrak, abenduan etxeratuko dira. Afganistanen, aldiz, hogeita hamar mila soldadu urte bete barru itzuliko dira AEBetara, eta beste hirurogei mila 2014 amaitu aurretik. Seguruenik, gerra irabazi gabe alde egingo dute. Talibanek zutik iraun dute, eta egunez egun, eraginkorragoak dira.
Abuztuan 66 soldadu estatubatuar hil dira Afganistanen, Estatu Batuak duela 10 urte sartu zirenetik izan den hilabete odoltsuena izan da. Gerraren kostua handia da, eta Estatu Batuek ezin diote aurre egin. Ezin da ekonomia suspertu bonbetan bi bilioi eta erdi euro gastatuta. Hori da, zenbait ikerketaren arabera Estatu Batuek Iraken eta Afganistanen gastatu duten dirutza, nahiz eta gobernuak bilioi bat baino gutxiagoko zifrak ematen dituen.
Obamaren aurrekoak, George Bushek, "gerrako presidente" bezala zuen bere burua, baina Obamak, ez du etiketa hori nahi berrautatze kanpaina hastear dagoenean. Irailaren 11ko hamargarren urteurrena iristeko egun gutxi falta direnean, Obamak amaitutzat ematen du egun horretan hasi zen zorigaiztoko hamarkada.