Mundua -

Analisia

Dirua erreboltari libiarrentzat

Libiarren behin-behineko Gobernuak 100.000 milioi dolar inguru eskuratuko ditu, nahikoa eta sobera, agintari berriek gauzak zuzen eginez gero, behintzat.

Jesus Torquemada

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Libiaren Trantsiziorako Nazio-Batzordeak, alegia, erreboltari libiarrek osatutako behin-behineko gobernuak, behar duen dirua eskuratuko du azkenean. Atzo, osteguna, Parisen bildutako 40 herrialdeetako buruzagiek Libiak atzerriko bankuetan duen diru guztia desblokeatu eta erreboltariei helaraztea erabaki dute.

Diru hori, Gadafiren aurkako presio-neurri gisa zegoen izoztuta. 100.000 milioi dolar inguru lirateke, nahikoa eta sobera, agintari berriek gauzak zuzen eginez gero, behintzat.

Ongi egin beharrekoen artean leudeke, esate baterako, Gadafiren polizia eta armada guztiz ez desegitea, eta batez ere, Koronelaren jarraitzaileen aurkako mendeku–kanpainiarik ez abiatzea.

Garrantzitsua litzateke era berean, Iraken duela zortzi urte Sadam Hussein erorarazi ostean arerioek egin zituzten okerrak ez ditzatela errepikatu orain erreboltari libiarrek.

Baina erreboltariak ez ezik, LIBIAren lagun berriek ere kontu handiz jokatu behar dute akats berdinak ez egiteko. "Libiarrek, euren kabuz konpon ditzatela euren arazoak. Ez atzerriko soldadurik eta ezta kasko urdinik ere!"

Hortaz, Gadafiren jarraitzaileen aurka NATO egiten ari den bonbaketa lehenbailehen amaiarazi beharko lukete. Izan ere, NATOko Idazkari Nagusiak, Rasmussen daniarrak atzo bertan gogorarazi zuenez, guda ez da amaitu oraindik: Gadafi eta bere jarraitzaileek amore eman arte…ezin izango da gatazka hau amaitutzat eman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea