Mundua -
Libia
Libiak matxinoak hartuko dituen Armada berria sortuko du
NATOko hegazkinek, berriz, Muamar al Gadafiren erregimenarentzat garrantzitsuak diren hainbat gune bonbardatu ditu Sirten eta Bani Waliden.
Erredakzioa
Miliarrek eta matxinoek bat egingo dute Libian Armada berria sortzeko. Omar Hariri Libiako Transizio Nazionaleko Kontseiluko kide batek adierazi duenez lurraldearen segurtasuna bermatzea izango du helburu nagusia.
Libiarrei pazientzia izatea eskatu die eta "epe laburrean" kalean soldadu berriak izango direla hitz eman du.
Matxinoen eta Armadaren artean ez dago alderik. Armadako zati handi bat matxinoen alde egon da hasieratik. Guztiek alde berdinean borrokatu dute eta hemendik aurrera ere batera jarraituko dute", esan du.
"Helburua lurradearen segurtasuna bermatuko duen Armada berria eratzea da, demokrazia eratzea eta Libia berriaren giza eskubide guztiak errespetatzea", erantsi du.
Muamar Gadafi Armada ahuldu zuela esan du Omar Haririk, bera eta bereak babesteko taldeak sortu zituela adierazi du eta lurraldeko ekialdea baztertu zuela.
Iraultza egin duten boluntario asko daudela azpimarratu du, baina onartu du Libiako indar armatuek oraindik beharrezko profesionaltasunaren gabezia dutela. Horrexegatik adierazi du matxinoen indar guztiak ez direla Armadan bilduak izango, helburua espezializatutako profesionalak erakartzea dela azpimarratu du.
NATOk bonbardaketekin jarraitzen du
Azken orduetan Muamar Gadafiren erregimenarentzat garrantzitsuak diren Sirteko eta Bani Walidko hainbat gune eta helburu bonbardatu dituzte. Matxinoen ustez, hain zuzen, Gadafi, Bani Waliden dago ezkutatuta.
Aliantzak ohar batean adierazi duenez, Sirteko aginte eta kontrol gune bat bonbardatu dituzte, arma gordetegi, misilak garraiatzeko zazpi auto, bi auto blindatu, tanke bat, bi kamili militar eta aire eta lurreko misilak.