Mundua -

Terrorismoa

Boko Haramek 81 pertsona hil eta herrixka bat erre du Nigeria ipar-ekialdean

Motorretan eta kamioietan iritsi ziren atzo eguerdian Faduma Koloram herrixkara, predikari misio bat zirelakoan, eta herritarrak tirokatzen hasi ziren.

Gutxienez 81 pertsona hil dira Nigerian, Boko Harami leporatutako eraso batean

1:12

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 81 pertsona hil ditu Boko Haram talde islamistak Nigeriako Borno estatuko herrixka batean, jihadisten eremu nagusian, Babagana Zulum estatuko gobernadoreak jakitera eman duenez.

Motorretan eta kamioietan iritsi ziren atzo eguerdian Faduma Koloram herrixkara, predikari misio bat zirelakoan, eta herritarrak tirokatzen hasi ziren, Zulumek kazetariei azaldu dienez.

“Orain arte 81 gorpu identifikatu dituzte”, zehaztu du Zulumek, eta erasotzaileek sei pertsona bahitu zituztela gaineratu du.

Horren aurretik, iturri militarretatik jakinarazi dute terroristek, AK-47 fusilak soinean, etxebizitzak erre zituztela eta milatik gora abelburu lapurtu zituztela.

“Herriko jendeari zelatatzea leporatu, eta lezio bat emango zietela esan zieten. Herriko etxe guztiak erre zituzten”, aipatu iturriek The Cable egunkariari azaldu diotenez. Herritarrek segurtasun indarrei Boko Harami buruzko informazioa eman zietela argudiatu zuten erasotzaileek.

Boko Haram 2002an sortu zuen Mohamed Yusufek Maidugurin, Nigeria ipar-ekialdean, agintariek herrialdearen iparralde txiroa ahaztuta eta baztertuta zutela salatzeko.

Garai hartan soilik polizien aurkako erasoak egiten zituzten, Estatuaren ordezkariak zirelako, baina Yusuf 2009an hil zutenetik, Boko Haramek beste bide bat hasi zuen eta jendea hiltzen hasi zen Estatu Islamikoa inposatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak