Mundua -

KORONABIRUSA

Koronabirusaren 2 milioi kasu baino gehiago izan dira Ameriketako Estatu Batuetan

New Yorkeko estatua izan da pandemiaren epizentro nagusia Estatu Batuetan: 380.156 kasu baieztatu dituzte eta 30.542 pertsona hil dira

New York (AEB). Irudia: EFE
New York (AEB)
New York (AEB). Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBk koronabirusaren bi milioi kasuak gainditu ditu asteazken honetan, Johns Hopkins Unibertsitatearen zenbaketa independentearen arabera.

Baieztatutako kutsatzeen kopuru zehatza 2.000.464 da orain; pandemiaren ondorioz hildakoak, berriz, 112.924 dira gutxienez.

Ameriketako Estatu Batuetako 2.000.464 kasuen atzetik (mundu osoan agertutakoen % 27 baino gehiago dira), Brasilgo 772.416 kasuak eta Errusiako 493.023 kutsatzeak daude.

New Yorkeko estatua izan da pandemiaren epizentro nagusia Estatu Batuetan: 380.156 kasu baieztatu dituzte eta 30.542 pertsona hil dira, Erresuma Batuak, Brasilek eta Italiak bakarrik gainditzen duten zifra.

Bakarrik New Yorken 21.960 pertsona hil dira.

New Yorken atzetik, New Jerseyn 165.346 kasu eta 12.377 hildako baieztatu dira, Kaliforniak 139.715 kutsatu eta 4.854 hildako izan ditu, eta Illinoisek 129.837 positibo eta 6.095 hildako koronabirusaren ondorioz.

Hildako asko izan dituzten beste estatu batzuk Massachusetts (7.454), Pennsylvania (6.062), Michigan (5.955) eta Connecticut (4.120) dira.

Ameriketako Estatu Batuetan pandemiaren fokua Ekialdeko Kosta kolpatutik Kaliforniara joan da orain, azken egunotan kasuen hazkunde bizkorra izaten ari dena.

Hildakoen behin-behineko balantzeak (112.924) Etxe Zuriaren hasierako kalkuluen mailarik baxuena gainditu du, kasurik hoberenean 100.000 eta 240.000 heriotza artean aurreikusi baitzituen pandemiaren ondorioz.

Bestalde, Washingtongo Unibertsitateko Osasun Metrika eta Ebaluazioen Institutuak (pandemiaren eboluzioa iragartzeko Etxe Zuriak sarritan oinarritzat hartzen duena) abuztu hasierarako 145.000 hildako baino gehiago izango direla Ameriketako Estatu Batuetan uste du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea New York Ameriketako Estatu Batuak Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa