Mundua -
INGURUMENA
38 ºC-ko tenperatura Siberian, errekorra Zirkulu Polar Artikoan
Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, Artikoa munduko batez bestekoaren bikoitza ari da berotzen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) errekor bezala onartu du Zirkulu Polar Artikoko hiri errusiar bateko 38 gradu zentigraduko tenperatura, azken egiaztapenaren zain.
"Zirkulu Polar Artikoaren iparraldean dagoen tenperatura erregistro berri baten txostenak egiaztatzen saiatzen ari da MME", Clare Nullis MMEko bozeramailearen esanetan. "Errusiako Verkhoyansk hirian neurtu zuten, bero-bolada luze baten eta baso-suteen jardueraren gorakadaren erdian", gaineratu du.
Errusiako agintariek 2020ko ekainaren 20an neurtutako tenperatura baieztatzen badute, MMEk ofizial egingo du nazioarteko adituen talde batek azterketa zehatzagoa egiteko.
Siberiako ekialdeko eskualdea, orain begi askoren erdigunean dagoena, ezaguna da bere muturreko baldintza klimatikoengatik neguan eta udan, 30 gradutik gorako tenperatura ez baita ezohikoa uztailean.
Tropikoetako tenperatura tipikoago baten txosten hori Esperanza ikerketarako base argentinarrak, Antartikako penintsularen iparraldeko muturrean, otsailaren 6an 18,4 ºC-ko tenperatura (marka berria) neurtu eta hilabete batzuetara iritsi da.
MMEren arabera, Artikoa munduko batez bestekoaren bikoitza ari da berotzen. Siberiako bero-bolada luzearen eta baso-suteen ostean neurtu dute inoizko tenperatu beroena bertan, Nullisek ohar batean azaldu duenez, elur falta dela-eta udaberri oso beroa izan ondoren.
Munduko Meteorologia Erakundeak jakitera eman duenez, maiatzeko tenperatura Siberiako toki askotako batez bestekoa baino 10 ºC handiagoa izan zen. "Eta aparteko bero horrek ekarri zuen ipar hemisferioan (eta mundu mailan, seguruenik) izandako maiatzik beroena", adierazi du Nullisek.
2019ko irailean, urtze denboraldiaren ostean, Artikoko itsas izotzaren bolumena % 50 baino gehiago murriztu zen, 1979 eta 2019 bitartean batez beste izandakoarekin alderatuta.