Mundua -

Lurrikara

Mexiko hegoaldeko lurrikarak gutxienez sei hildako eta lau zauritu utzi ditu

San Juan Ozolotepec udalerrian bilaketa eta erreskate lanak egiten ari dira, herria inkomunikatuta utzi duen luizi baten ostean. Biktima ugari izango den beldur dira.

Mugimendu telurikoak Oaxaca estatuko 500 etxebizitzatan eragin ditu kalteak. Argazkia: EFE
Mugimendu telurikoak Oaxaca estatuko 500 etxebizitzatan eragin ditu kalteak.
Mugimendu telurikoak Oaxaca estatuko 500 etxebizitzatan eragin ditu kalteak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mexiko hegoaldeko kostaldean izandako 7,5 graduko lurrikarak sei hildako eta lau zauritu utzi ditu, Babes Zibileko Estatuko Koordinazioaren azken balantzearen arabera.

Mugimendu telurikoak Oaxaca estatuko 500 etxebizitzatan eragin ditu kalteak. Lurrikararen epizentroa La Crucecita herritik 23 kilometro hegoaldera izan da.

Hiru errepide federaletan eta bost estatutan hainbat luizi izan direla jakinarazi dute agintariek, eta kalteak izan omen dira lau gune arkeologikotan eta hamabost osasun zentrotan.

El Universal egunkariak jakitera eman duenez, Sierra Sur eta Costa eskualdeetan izandako lurrikarak kaltetutako 50 udalerriak larrialdi eremu izendatzeko eskatu dio Babes Zibileko Koordinazio Nazionalari Oaxaca estatuko Gobernuak.

"Babes Zibileko Koordinazio Nazionaleko titularrak, David Leonek, Mexikoko Gobernuak udalerrietan ahal duen guztia egingo duela eta Oaxacako familien beharrizanei eta kalte materialei aurre egiten lagunduko duela baieztatu dit", ziurtatu du Alejandro Murate Oaxacako gobernadoreak.

Horren esanetan, San Juan Ozolotepec udalerrian bilaketa eta erreskate lanak egiten ari dira, herria inkomunikatuta utzi duen luizi baten ostean. Biktima ugari izango den beldur dira.

"Jendea inkomunikatuta egoteko aukera aztertzen eta egiaztatzen ari gara, errepidean luizi bat dagoelako. Larrialdietako taldeak banandu ditugu egiazta dezaten eta, hala balitz, haien bizitzak salba ditzaten. Lanean jarraituko dugu, eta gaur gauerako komunikazio zerbitzu guztiak berrezarrita egon behar dira", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alerta meteorologikoak Mexiko Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Latinoamerika Lurrikarak Guatemala Tsunamia Hondamendi naturalek kaltetutakoak