Mundua -
Kartzela-zigorra
Bost urteko kartzela-zigorra François Fillon lehen ministro frantziar ohiarentzat
Filloni Asanblea Nazionaleko diputatu zen garaian 'itxurazko lanpostuak' sortzea leporatzen zaio.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
François Fillon Frantziako lehen ministro ohiari bost urteko kartzela-zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri diote ‘itxurazko lanpostuak’ sortzeagatik. Bere emaztea, Pénélope izango litzateke lanpostu faltsu horien onuraduna, eta berari ere hiru urteko kartzela-zigorra ezarri diete.
Eskandalua 2017an atera zen argitara, Fillon Eliseorako hautagaia zela. ‘Canard Enchainé’ aldizkariak argitaratu zuenez, oraindik ere Asanblea Nazionaleko hautagaia zela, alderdi kontserbatzailearen buruak bere emaztea kontratatu zuen laguntzaile modura. Aldizkariak argitaratutakoaren arabera, milaka euro irabazi zituzten hala.
Orain Parisko auzitegiak bikotea leporatutako delituengatik errudun dela agertu du. Egotzitako delituen artean, diru publikoa desbideratzeagatik lehen ministro ohiari bost urteko kartzela-zigorra ezarri dio, nahiz eta horietatik bi besterik ez dituen igaroko preso. Horrez gain, 375.000 euroko isuna ordaindu beharko du eta ezingo du kargu publikoetarako hautagai aurkeztu datozen hamar urteetan.
Bere aldetik, Pénélope Fillon emazteari ere diru kopuru berdineko isuna ezarri zaio, eta hiru urteko kartzela-zigorra ezarri bazaio ere, ez du kartzelara joan beharko zigorraren aplikazioa suspenditu egin delako. Gainera, bikoteak beste iruzurrezko kontratu batzuengatik 401.000 euro gehiago ordaindu beharko ditu.
Marc Joulaud diputatu ohiak Fillon ordezkatu zuen Asanblea Nazionalean, eta iruzurrezko hitzarmenal luzatu zituenez, errudun izendatu dute bera ere. Bere kasuan, hiru urteko kartzela-zigorra ezarri zaio, 20.000 euroko isuna eta bost urteko inhabilitazioa. Hortaz aparte, Joulaudek beste 679.000 euro ordaindu beharko ditu Pénélope Fillonekin batera.
Tribunalak ministro ohiari beranduago “mekanismo berdina” erabilita bere bi seme kontratatu izana ere leporatzen dio.