Mundua -
Japoniako lurrikara
Japoniako lurrikaran hildakoei omenaldia, sei hilabete geroago
20.000 lagun hil eta desagertu ziren hondamendian. Omenaldiez gain, antinuklearrek bilkurak egin dituzte energia atomikoaren eta Fukushimako zentral nuklearraren egoeraren aurka protesta egiteko.
Erredakzioa
Martxoaren 11an gertatu zen lurrikararen ostean hil ziren ia 20.000 lagunak gogoratzeko, Japoniako ipar-ekialdea gelditu egin da gaur, irailaren 11, minutu bateko isilunea egiteko.
Japonian 14.46ak zirela (05.45 GMT), orain sei hilabete 9 graduko lurrikara gertatu zen unean, Ishinomakin, besteak beste, gehien kalteturiko zonetako batean, isilunea eta errezoak egin dituzte malko artean biktimak gogoratzeko. Hiyoriyama parkea, Ishinomakiko portu ohia ikusten den tokia, gaur lorez eta elkartasun mezuz beteta egon da. Minutu bateko isilunearen ostean, "taikoak" entzun dira, japoniar tanborrak, hirian barneratzen den erreka bateko irlaren erditik
Bartan, tsunamiak eraman zituen ehunka etxebizitza zeuden tokian, ortzadar erraldoi bat sortu dute munduko toki guztietatik iritsitako elkartasun mezuekin.
Omenaldiak herrialde osoan egin dira. Tokion, gainera, hainbat talde antinuklearrek bilkurak egin dituzte energia atomikoaren eta Fukushimako zentral nuklearraren egoeraren aurka protesta egiteko, Chernobyen ostean izan den krisi nuklearrik handiena. Martxoko hondamendi honek, 15.781 hildako eragin zituen eta 4.086 desagertu, poliziaren azken datuen arabera. Gainera, kalteak oso handiak dira eta berreraikuntzak 19 milioi yen beharko ditu (180.000 milioi euro) datozen bost urteetan.
Milaka eta milaka lagunek oraindik euren etxeetatik kanpo jarraitzen dute, horietako asko Gobernuak eraiki zituen 49.000 behin-behineko etxebizitzatan. Datozen hiru hilabeteetan beste 3.000 eraikitzea aurreikusi dute.