Mundua -

Koronabirusa

Sei asteko konfinamendua ezarri dute Melbournen, kasuen gorakada dela eta

Neurria asteartetik asteazkenerako gauerdian sartuko da indarrean, Victoria estatuan 191 kutsatu berri baieztatu ostean.

Melbournek 5 milioi biztanlentzat 6 asteko konfinamendua ezarri du. Irudia: Efe
Norbera babesteko ekipamenduekin Melbourne hirian.
Sei asteko itxialdia egingo dute Melbournen eta Victoria estatuko mugak itxiko dituzte

0:53

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Melbourne Australiako bigarren hiririk handiena sei astez egongo da isolatuta, azken egunetan atzemandako koronabirus kasuen gorakada dela eta, Daniel Andrews Victoria estatuko ministro nagusiak astearte honetan iragarri duenez.

Neurria asteartetik asteazkenerako gauerdian sartuko da indarrean, Victoria estatuan 191 kutsatu berri baieztatu ostean, COVID-19ko pandemia hasi zenetik aurrekaririk ez duen zifra. Gutxienez 772 kasu aktibo daudela uste dute agintariek, ABC kate publikoaren arabera.

Andrewsek aitortu du datu horiekin "ezinezkoa" dela kutsatu guztien kontaktuak arakatzea, balizko fokuak eusteko. "Oso txarra den zerbaiten hasieran gaude, neurririk hartzen ez badugu", ohartarazi du agintariak murrizketa berriak iragartzean.

Melbourneko eta Mitchelleko egoiliarrak ezin izango dira etxetik atera, lan egiteko, erosketak egiteko, kirola egiteko edo medikuarengana joateko izan ezik, oinarrizkotzat jotzen diren beste zeregin batzuen artean.

Segurtasun indarrek eremu konfinatuaren perimetroa ere zainduko dute, birusa herrialdeko beste eremu batzuetara zabaldu ez dadin. Gauerditik Hego Gales Berriaren eta Victoriaren arteko muga itxita dago, orain Indar Armatuek zaintzen ari diren 2.100 kilometroko muga.

"Hau ez da egon nahi genuen lekua, baina gure egoeraren errealitateari aurre egin behar diogu. Ezer ez egiteak ondorio hilgarriak izan ditzake", adierazi du Andrewsek ohar baten bidez, eta onartu du ez dela "normaltasunaren" antzekorik egongo txertoa edo tratamendu eraginkorra izan arte. Emandako gomendio bakoitzeko ez ikusiarena egiteak, edonorren bizitza arriskuan jarri dezake", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Australia Koronabirusa