Mundua -
Irlandako hauteskundeak
McGuinness izango da Sinn Feinen hautagaia Irlandako presidentziarako
IRA Irlandako Armada Errepublikanoko buruzagi ohi izandakoa da McGuinness. Gaur berretsi dute erabakia Dublinen.
Erredakzioa
Martin McGuinnessen, Ipar Irlandako lehen ministrordearen, hautagaitza berretsi du gaur, igandea, Sinn Feinek, datorren urriaren 27an izango diren hauteskundeetan Irlandako presidente izateko, Irlandako irrati telebistak (RTE) esan duenez.
Lehen aldiz aurkeztuko da Sinn Fein alderdi errepublikanoa Irlandako presidentetzarako hauteskundeetara. Erabaki historikoa, Irlandako batasunaren aldarrikapen zaharraren bila.
McGuinnessen hautagaitza ostiralean jakin zen, baina alderdiak, gaur, berrestea falta zen. Gaur, Dublinen erabaki dute.
IRA Irlandako Armada Errepublikanoko buruzagi ohi izandakoa da McGuinness. 2008tik Belfasteko gobernuko "bigarrena" da.
Politikaria Estatu Batuetan dago bidai ofizial batean eta bertatik esan du "batasun indarra izatea" espero duela eta azken 20 urteetan egin duen bakearen aldeko lana azpimarratu du.
Hauteskundeetara aurkezteko, Martin McGuinnessek, 61 urteko politikariak, Dublineko parlamentuko 25 diputaturen botoak behar ditu gutxienez edo lau udal kontzejurenak. Oraingoz, lau parlamentariren botoak ditu jada Irlandako komunikabideen arabera. Hauteskunde kanpainarako, Belfasteko gobernuan duen kargua uztea espero da, nahiz eta Presidente hautatzen ez badute, berriz aurreko postura buelta daitekeen. Sinn Feineko presidente Gerry Adamsen hitzetan, "nazioaren berradiskidetzea eta irlandar guztien batasuna lortzea" izango da haren egitekoa, Sinn Feinen erronka historikoarekin bat eginez.