Mundua -
Kazetaritza
'The New York Times'ek 20 urte barru ez du paperezko ediziorik izango
900.000 pertsona baino gehiago daude egunkariaren paperezko ediziora harpidetuta. Horri esker, egunkaria asteko zazpi egunetan inprima daiteke iragarkirik gabe eta irabaziak lortu.
Agentziak | Erredakzioa
Mark Thompson The New York Times egunkariko kontseilari delegatuak aurreikusi duenez, 20 urte barru egunkari ospetsu horrek ez du paperezko ediziorik izango.
"Egunkari hau 10 urtez inprimatzen jarraituko dugula uste dut. Beste 15 urtez izan daiteke agian, edo baliteke zertxobait gehiago luzatzea. Baina asko harrituko nintzateke 20 urte barru egunkaria inprimatzen jarraituko bagenu", esan du Thompsonek.
Gaur egun, 900.000 pertsona baino gehiago daude 1851n sortutako egunkariaren paperezko ediziora harpidetuta. Horri esker, egunkaria asteko zazpi egunetan inprima daiteke iragarkirik gabe eta irabaziak lortu, Thompsonen arabera.
Alabaina, horren iritziz, irakurleak gero eta ohituago daude albisteak pantailetan irakurtzera, azken enpresa-emaitzen berri eman zutenean agerian geratu zen bezala; izan ere, The New York Times-ek jakinarazi zuenez, joan den hiruhilekoan paperezko bertsioarekin baino irabazi gehiago lortu ditu bertsio digitalarekin, lehen aldiz.
Gainera, inprimatutako bertsioaren publizitatea % 50 baino gehiago jaitsi da joan den hiruhilekoan, aurreko urteko epe bereko datuekin alderatuta. Thompsonek "joera orokorrari eta koronabirusaren ondorio ekonomikoei" egotzi die beherakada nabarmen hori, eta zalantzan jarri du galdutako diru-sarrera horiek inoiz berreskuratu ahalko dituzten.