Mundua -
Ez dute lekua zehaztu
UARS sateliteak Lurra jo duela baieztatu du NASAk
UARSek autobus baten tamaina du eta 5,5 tona pisatzen ditu. Hala ere, NASAk azpimarratu egin du pertsonentzako arriskua "oso urria" dela.
Erredakzioa
UARS Goi Atmosferaren Ikerketarako Sateliteak atmosferan sartu eta Lurra jo du, NASA AEBetako agentzia espazialak baieztatutakoaren arabera.
NASAk Twitterren bidez eman du jazoeraren azalpena: UARS "atmosferan sartu zen, Ozeano Barearen gainean". Hala ere, "ez dago jazoeraren momentua eta lekuaren informazio zehatzik".
Aurretik zabaldutako informazioaren arabera, sei tonako satelitearen hondakinak "Lurra jo zuten 03:23 GMT eta 05:09 GMT artean".
"Satelitea ekialderantza zihoan Kanada eta Afrika gainetik, Ozeano Barearen, Atlantikoaren eta Indikoaren eremu zabalak zeharkatuta", azaldu zuen NASAk.
Twitterren bidez zabaldutako eta konfirmatu gabeko mezuen arabera, hondakin batzuk Kanadako mendebaldean jausi omen dira, Calgaryko hegoaldean.
Autobus baten tamaina
Sateliteak autobus baten tamaina du eta 5,5 tona pisatzen ditu. NASAk azpimarratu egin du pertsonentzako arriskua "oso baxua" dela.
Zientzilarien kalkuluei jarraituta, gutxienez 26 pieza handi gai dira atmosferaren sartzean sortutako tenperatura handiak jasateko eta Lurrera jausiko lirateke.
UARSeko hondakinak Lurrera erori eta pertsona bat jotzeko probabilitatea oso urria da, 3.200etik bat, NASAren arabera.