Mundua -
Heroien antzera hartu dute
Abbasek 'palestinar udaberria' iragarri du Ramalara itzultzean
"Herriaren erresistentzia baketsuaren bidez gure helburuak gauzatzea ekarriko duen udaberria" aipatu du agintari palestinarrak.
Erredakzioa
Mahmud Abbas Palestinako presidentea heroien antzera hartu dute Ramalan, Nazio Batuen Elkartean Palestina Estatu independente gisa sartzea eskatu ondoren. "Palestinar udaberria heldu da", iragarri du Abbasek bildutako jendetzaren aurrean.
"Udaberri arabiarra dago, baina palestinar udaberria ere bai. Herri erresistentzia baketsuaren udaberria da, gure helburuak lortzeko", esan du Abbasek Muqata Gobernuaren Ramalako egoitzara autoz iritsi ondoren.
Milaka palestinar bildu dira eguerditik Palestinako Agintaritza Nazionaleko presidenteari ohore guztiekin ongietorria egiteko. Banderak astindu eta liderraren aldeko oihuak egin dituzte, iragan ostiralean Abbasek Palestina NBEn sartzea eskatu ondoren.
NBEn sartzeko eskaera
Abbasek eskaera ofiziala egin zion ostiralean, New Yorken, Ban Ki Monn NBEko idazkari nagusiari: Palestina erakundean sartzea eskubide guztiekin, Estatu gisa.
Abbasek Yaser Arafat palestinarren lider historikoaren hilobian lore eskaintza egin du eta ondoren bertan bildutakoei zuzendu zaie ostiralean NBEn egindako hitzaldia palestinar guztien izenean esan zituela adierazteko.