Mundua -

Errusia

Navalni errusiar oposizioko liderra larri dago, ustez pozoitua izan ondoren

Bozeramailearen arabera, Moskura itzultzen ari zen hegaldian, toxina batekin pozoitu dute.

Alexei Navalni oposiziogile errusiarra. Irudia: EFE.
Alexei Navalni oposiziogile errusiarra
Alexei Navalni oposiziogile errusiarra. Irudia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alexei Navalni Errusiako oposizioko liderra Omsk hirian ospitaleratu dute, ustez toxina batekin pozoitu dutelako. Tomsk hiri siberiarretik Moskura itzultzeko hegaldian izan da, bere inguruko kideek ostegun honetan iragarri dutenez.

"Navalni gaur goizean itzuli da Tomsketik Moskura. Politikaria ondoezik jarri zen hegaldian. Hegazkina Omsken lurreratu da. Alexeik intoxikazio bat du. Anbulantzian joango gara ospitale batera", jakinarazi du Kira Yarmish haren fundazioko bozeramaileak Twitterren.

Bozeramailearen hitzetan, oposiziogilea "konorterik gabe dago", eta "haren teari gehitutako substantziaren batekin pozoitu dutela susmatzen dugu, goizean hartu duen gauza bakarra baita". "Medikuek diote likido bero batekin toxina azkarrago asimilatzen dela", gaineratu du, Errusiako Sputnik agentziaren arabera.

Ondoren, Yarmishek adierazi du "Alexei Zainketa Intentsiboetako Unitatean" dagoela, eta beste mezu batean zehaztu du lagunduriko aireztapenarekin dagoela eta ez duela konortea berreskuratu. Bozeramailearen arabera, ospitaleak berak eskatuta Poliziari deitu dio.

Bestalde, Alexander Murajovski Omskeko ospitaleko medikuak aitortu du oposizioko burua "larri" dagoela, Tass Errusiako albiste agentziak jakitera eman duenez.

Navalniko ospitaleratzea ere baieztatu du Osasun Sailak. "Zainketa intentsiboetako unitatean dago, eta beharrezko proba guztiak egiten ari zaizkio", jakinarazi du erakundeak, Sputniken arabera.

Azken urteotan, Vladimir Putin Errusiako presidentearen aurkako oposizioaren aurpegirik agerikoena bihurtu da Navalni, haren aurkako protesta ugariren buru izan da eta hainbat aldiz atxilotu dute Errusiako agintariek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak