Mundua -
Turkia
Turkiaren gas naturaleko erreserbarik handienaren aurkikuntza iragarri du Erdoganek
Gas naturaleko 320.000 metro kubikoko hobia da, eta Itsaso Beltzean dago. Turkiaren aurreikuspena da 2023an hastea ustiatzen.
Agentziak | Erredakzioa
Turkiak gas naturaleko 320.000 metro kubikoko hobia aurkitu du Itsaso Beltzean, Recep Tayyip Erdogan presidenteak ostiral honetan iragarri duenez. Inoiz ez bezalako hobia da, eta Turkiako presidentearen aurreikuspena da 2023an ustiatzen hastea.
"Turkiak Itsaso Beltzean egindako gas naturaleko aurkikuntzarik handiena egin du", esan du Erdoganek. Presidenteak ez du baztertu topatutako hobi hori "baliabide handiago bateko zati bat" izatea. Hala, espero du berritasun gehiago egotea "etorkizun hurbilean".
'Fatih' itsasontziak egin du aurkikuntza; uztailaren 20an hasi zen zulaketa-lanak egiten, Tuna-1 hobian. Turkiako kostaldetatik 150 bat kilometrora dago, Bulgariarekin eta Errumaniarekin dituen itsas mugetatik gertu.
"Aro berria", Turkiarentzat
Erdoganek nabarmendu du aurkikuntza hau oso garrantzitsua dela Turkiako garapenerako; Berat Albayrak Finantza ministroak adierazi duenez, herrialdeak "aro berri bati" ekingo dio, Anatolia agentziaren esanetan.
Mevlut Cavusoglu Turkiako Atzerri ministroak Erdoganek iragarritako "albiste ona" txalotu du: "Gure erabateko independentzia energetikorako bidean, aurrerapauso erraldoia da. Energia-eremuan ere, eragile gako bilakatu gara. 2023 da helburua!", aldarrikatu du Twitterren.
Turkiak 2019an inportatutako energiaren balioa 41.000 milioi dolarrekoa izan zen, Gobernuaren datuen arabera. Jasotako horniduren artean, gaseko 45.000 milioi metro kubiko zeuden, bereziki Errusiatik iritsitakoak, DPA agentziaren arabera.
Turkiak, Mediterraneoko ekialdean, lurralde-lehia du, Greziarekin eta Ziprerekin, eta Itsaso Beltzean egindako aurkikuntza testuinguru horretan egin dute. Lehian dauden uretan, Turkia petrolioa eta gasa bilatzen hasi da, eta horrek kezka sortu du; aldameneko herrialdeetan ez ezik, Europar Batasunean ere.