Mundua -
Irunen eta Nafarroan
Bost lagun atxilotu dituzte terrorismo islamiarrarekin lotuta
Magreb Islamiarreko Al Kaida finantzatzeko eta laguntza logistikoa emateko talde bat osatzen dutela uste dute eta Italiako, Frantziako eta Suitzako beste talde batzuekin harreman estua omen zuten.
Erredakzioa
Bost pertsona atxilotu dituzte Irunen (Gipuzkoa), Berriozarren eta Iruñean (Nafarroa) Magreb Islamiarreko Al Kaida finantzatzeko eta laguntza logistikoa emateko talde bat osatzen dutelakoan, Barne Ministerioak jakitera eman duenez. Italian, Frantzian eta Suitzan dauden beste talde batzuekin harreman estua omen zuten.
Aipatu iturriek zehaztu dutenez, atxilotuak Mohamed Talbi, Hakim Anniche, Mounir Aoudache, Abdelghaffour Bensaoula eta Ahmed Benchohra dira, 36 eta 49 urte artekoak.
Agenteek miaketa ugari egin dituzte atxilotuekin lotutako etxebizitzetan eta lokaletan. Nafarroan Iruñean eta Berriozarren egin dituzte miaketak eta Gipuzkoan Irunen eta Legorretan. Atzemandako materiala aztertzeko lanean dihardute orain.
150 guardia zibilek baino gehiagok parte hartu dute gaurko operazioan, atxiloketak eta miaketak aldi berean egin behar zirelako. Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak eta Fiskaltzak zuzendutako operazioa izan da.
Ikerketak aurrera jarraitzen du eta ez dute baztertu atxilotu gehiago izatea.