Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

Donald Trumpen lidergoa inoiz baino garrantzitsuagoa dela esan du Melania Trumpek

Alderdi Errepublikanoaren Batzar Nazionaleko bigarren egunean, Trumpen alde bozkatzeko eskatu die herritarrei, "ekonomiarik handiena eta inoiz ezagutu den herrialderik indartsuena bueltan izateko".

Melania Trump, AEBko lehen dama. Argazkia: EFE
Melania Trump, AEBko lehen dama.
Melania Trumpek orain arteko diskurtso politikoena eman du

1:17

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuak (AEB) orain "inoiz baino gehiago" Donald Trumpen lidergoa behar duela ziurtatu du astearte honetan Melania Trump herrialdeko lehen damak, Alderdi Errepublikanoaren Batzar Nazionaleko bigarren egunean. Etxe Zuriko maizterrak, gainera, bere familiako beste kide batzuen babesa izan du, hala nola, Eric eta Tiffany seme-alabena.

"Zure alde eta zure senideen alde lan egiteari utziko ez dion presidentea da nire senarra. Gau eta egun buru-belarri jarduten duela ikusten dut beti, eta hedabideen zein oposizioaren aurrekaririk gabeko erasoak gorabehera, ez du inoiz amore emango. Gainera, zerbait ezin dela egin esaten badiozu, are gehiago egiten du lan", nabarmendu du Melaniak.

"Gure herrialdearentzako aukera onena da bera. Denok dakigu Donald Trumpek ez duela ezer ezkutatzen, eta sentitzen duena unean bertan adierazten duela. Herritar gisa, zintzotasuna da guk gure presidentearengandik merezi duguna, eta, gustatu ala ez, beti dakigu zer pentsatzen ari den", azpimarratu du herrialdeko lehen damak.

Herrialdeak espero zuen hitzaldian, Donald Trump lau urte gehiago Etxe Zurian egoteko eskatu du Melania Trumpek. Bere esanetan, ohore handia izango litzateke hori, berak "ez baitu denbora galtzen politikan jokatzen", baizik eta AEBrentzako "oparotasuna" eta "arrakasta" baino ez ditu bilatzen.

"Nire senarraren lidergoa behar dugula uste dut, orain inoiz baino gehiago, berriro ere ekonomiarik handiena eta inoiz ezagutu den herrialderik indartsuena bueltan izateko", esan du Melaniak, eta egunero egiten dituen gauza guztietan AEBko presidenteak ematen dion "babesa" nabarmendu du.

Halaber, herrialdeko lehen damak, AEBn koronabirusak eragindako pandemiaren biktimak izan ditu gogoan; izan ere, dagoeneko 5.700.000 kasu atzeman dituzte, eta 178.500 pertsona inguru hil dira.

Halaber, AEBko presidenteak izan dituen babes nabarmenen artean Tiffany alabarena dago. Bere hitzaldian, hedabideen eta teknologia enpresa handien kontra egin du, haren aurkako erasoekin hautesleak "hertsatu" eta "manipulatu" nahi dituztela iritzita.

Halaber, Trumpen semeetako batek, Ericek, Joe Biden hautagai demokrataren kontra egin du, eta "gainerakoen eragin handia" duen pertsona dela esan du, beraz, Bidenen jarrerak Txinari eta terrorismoari mesede egingo liekeela uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea New York Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Melania Trump Hauteskundeak