Mundua -

Analisia

Merkel eta Londresko burtsako agentea

Finantzen globalizazioak munduko ekonomia kasino batean bihurtu du, eta inbertitu beharrean apustuak egiten dira.

Jesus Torquemada

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Filme hau aldez aurretik ikusita dugu eta behin baino gehiagotan gainera. Grezia ordainketak eteteko zorian dagoela iragarri digute, honek Europako bere sozioei eta Nazioarteko Diru Funtsari laguntza eskatu die eta hauek baiezkoarekin erantzun, baina beti ere gogoraraziz aurrez gastu soziala are gehiago murriztu behar duela eta zerga gehiago ezarri.

Greziarrak kalera atera dira haserre protestan. Europako beste herrialde batzuen zor publikoa berriro garestitu egin da eta Europako burtsak gainbeheran dira Greziako krisia kutsatuko denaren beldurrez. Alemaniako kantzilerrak, berriz, egun batean gauza bat esaten du eta hurrengoan beste bat. Eta azkenean, amildegira erortzeko zorian dagoenean beste pare bat hilabete iraun dezan dirua ematen diote Greziari. Diru merkatuak orduan gorako bidean jartzen dira eta inguruko herrialdeetako arrisku saria beherako bidean. Eta guzti hori Greziak ohartarazi arte funtzionarioei ordaintzeko ere dirurik ez duela eta beraz lehen bait lehen eman diezaiotela agindu zioten laguntza. Eta horrela berriro hasten da jira-bira.

Atzo Papandreu lehen ministro greziarrak berriro esan zuen Grezia herrialde serioa dela eta zor duena ordainduko duela. Merkel kantzilerak, berriz, euroa salbatzearren ahal duen guztia egingo dela. Eta horrela jarraituko dute hurrengorarte.

Europako agintariek ez dute sakonean dagoen arazoa konpondu eta ondorioz amildegiaren ertzean jarraitzen dugu. Gero harritu egingo gara Londresko broker horren adierazpenak entzuten ditugunean, munduan banku espekulatzaileek agintzen dutela esanez eta ez gobernuek. Apur bat puztu egin du agian, baina arrazoi du gauza batean: finantzen globalizazioak munduko ekonomia casino batean bihurtu du, eta inbertitu beharrean apustuak egiten dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea