Mundua -
81 herrialdetan
55 pertsona atxilotu dituzte botika faltsuen aurkako operazio batean
Pangea IV izendatutako operazioa irailaren 20tik 27ra egin zuten, eta Interneteko 13.500 gune itxi dituzte, produktu farmazeutiko faltsuak saltzen zituztelakoan.
Erredakzioa
55 pertsona ikertu eta horietako batzuk atxilotu dituzte, Interpolek Internet bidez botika faltsuen trafikoa egiten zuen talde baten aurka koordinatutako operazio batean. 6,3 milioi dolarreko balioa zuen materiala atzeman dituzte. Pangea IV izendatutako operazioa irailaren 20tik 27ra egin zuten, eta Interneteko 13.500 gune itxi dituzte, produktu farmazeutiko faltsuak saltzen zituztelakoan, Interpolek ohar batean iragarri duenez.
Antibiotikoen, esteroideen eta minbizien kontrako tratamendurako pilulen 2,4 milioi ale atzeman dituzte, 8.000 paketetan, baita depresioaren eta epilepsiaren kontrako botikak ere; argaltzeko produktuak eta elikagai osagarriak ere bazituzten.
Osasunerako dakarten arriskuaren aurrean, Interneten botika faltsuak saltzen zituzten sareak desegitea, eta horiekin lotuta delituak (kreditu txartelez egindako erosketak erabiliz iruzurrak egitea, esaterako) egiten zituzten beste pertsona batzuk atxilotzea zen operazioaren helburua.
Hiru mailatan egiten zituzten delituak: Interneteko zerbitzariak, ordainketa elektronikoen sistema eta banaketa sistema.