Mundua -
AFRIKA
Gutxienez 58 hildako Kongon ugandar matxinoek egindako erasoetan
Atzoko matxinoen erasoaldian hildako 35 pertsonei asteartean izandako beste eraso batean hildako 23ak gehitu behar zaizkie.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 35 pertsona hil zituzten atzo Indar Demokratiko Aliatuetako ugandar matxinoek Ituri probintzian, Kongoko Errepublika Demokratikoaren ipar-ekialdean. Horiek astearteko beste eraso batean izandako 23 hildakoei gehitu behar zaizkie. Guztira 58 hildako izan dira, probintziako Gobernuak jakitera eman duenez.
Atzoko erasoa Irumuko lurraldean dagoen Banyali Shabi herrian gertatu zen, Ugandako matxinoen eta Kongoko Errepublika Demokratikoko Indar Armatuen artean, eremua berreskuratzen saiatzen ari zirela.
Estatuburuak Irumuko segurtasuna indartzeko agindua eman ostean, Kongoko Errepublika Demokratikoko Indar Armatuak hedatuta daudela ziurtatu du gobernazioak.
"Armada ingurua garbitzen ari da", adierazi du Jean Bosco Lalo Ituriko gizarte zibileko ekintzaileak, eta erasoaldiak eta talkak gutxienez 35 hildako eta herritar mugimendu handia eragin zituztela adierazi du.
Erasotako herrixketatik ihes egin zuten pertsonek ohartarazi zuten gizarte zibila, eta, aldi berean, esku hartzeko eskatu zioten Armadari.
Indar Demokratiko Aliatuek 1996an hasi zuten kanpaina bortitza Ugandako mendebaldean, Yoweri Museveni Ugandako presidentearen erregimenari lotutako erantzun politiko gisa, baina Armadak behartu egin zuen Kongoko mugara atzera egitea.
Handik Kongoko lurraldean egiten dituzte erasoaldiak, elikagaiak lortzeko arpilatzeak barne.
Bere programa lausoa da, Estatu Islamikoa erakunde jihadistarekin izan dezakeen lotura batetik haratago, eta geografia menditsu bati esker eraso eta ezkutatzean datzan "modus operandi" bat dauka, Kongoko Armadaren operazioetatik eta Nazio Batuen misiotik, (MONUSCO) ihes egitea ahalbidetzen diena.
Kongoko Errepublika Demokratikoko ipar-ekialdeak urteak daramatza matxinoen miliziek eta Armada erregularreko soldaduen erasoek elikatutako gatazka batean murgilduta, nahiz eta NBEren bake indarrak 15.000 soldadu baino gehiago dituen herrialdean.