Mundua -
AEB
Sally ekaitza urakan bihurtuta iritsiko da gaur New Orleansera eta Alabamara
Lurra jotzean haize bolada gogorrak, olatu handiak, euriteak eta uholdeak eragingo omen ditu. Atlantikoan beste lau ekaitz atzeman ditu AEBko Urakanen Zentroak, baina oraindik ez dira arriskutsuak.
Agentziak | Erredakzioa
Sally ekaitzak indarra hartu du azken orduetan, eta dagoeneko 1. mailako urakan izendatu du AEBko Urakanen Zentro Nazionalak (NOAA, ingelesez). Aurreikuspenen arabera, gaur joko du lurra, eta New Orleansen eta Alabaman (AEB) izango du eragina.
"Sally ikertzen ari diren NOAAren urakanak ehizatzeko abioiek atzeman dutenez, ekaitzak indarra hartu du, eta urakana da jada, orduko 140 kilometroko haize boladekin", azaldu du zentroak ohar batean.
New Orleans eta Mobile (Alabama) hiriak kolpatuko ditu gogorren, eta 3.000 milioi dolarreko kalteak eragin ditzake.
Olatu handiak, euriteak eta uholdeak espero dituzte, eta itsasoan barrena indarra hartzen jarraitzen badu, are bortitzagoak izango omen dira eragindako kalteak. Balizko uholdeek kotoi, arto eta kakahuete uztari eragingo liokete. Horrez gain, Mexikoko golkoko petrolio plataforma batzuk hustu egin behar izan dituzte, badaezpada.
NOAAk beste lau ekaitz handi (halakoetan izena ipintzen diete) atzeman ditu Atlantikoan. 1971tik lehen aldiz hauteman dituzte hainbeste enbata. Paulette Bermudan dago, eta Rene, Teddy eta Vicky ez omen daude populatutako eremuetatik gertu.