Mundua -
Uholdeak
Sally urakanak kalteak utzi ditu AEBko hego-ekialdean
Euri-jasak eta uholdeak eragin ditu Alabaman eta Georgian, Hego eta Ipar Carolinara bidean.
Agentziak | Erredakzioa
Sally urakanak euri-jasa bortitzak utzi ditu AEBko hego-ekialdean. Gutxienez pertsona bat hil zen ostegunean; urak zubiak eta errepideak suntsitu eta ehunka mila estatubatuar argindarrik gabe utzi ditu.
Sallyk euri-jasak eta uholdeak eragin ditu Alabaman eta Georgian, Hego eta Ipar Carolinara bidean. Urakana orduko 39 kilometroko abiaduran doa ipar-ekialderantz, AEBko Urakanen Zentro Nazionalak azaldu duenez.
Asteazken goizaldean, Gulf Shores (Alabama) astindu zuen Sallyk. Orduko 105 miliako haize-ufadak utzi zituen. Pertsona bat hil zen bertan.
Urak zonalde asko hartu ditu, eta uholdeek 60 zentimetroko ur maila gainditu dute. Pensacolan (Florida), esaterako, bost oineko altuera harrapatu duten uholdeak izan dituzte, eta eskualdean bidaiatzea zaila izan da errepideen eta zubien egoeragatik. 433.000 bat etxebizitza eta saltoki argindarrik gabe geratu dira Alabaman, Georgian eta Floridan.
Floridan, ez da hildakorik izan, baina 120 pertsona erreskatatu behar izan dituzte larrialdietarako zerbitzuek eta Guardia Nazionalak.
Zerbitzu publikoetako enpresak argindarra berreskuratzeko lanean ari dira Alabaman eta Floridan, urrutiko estatuetatik ekarritako ekipoekin.
Ostegunean, beste ekaitz tropikal bat garatzen ari zen Mexikoko golkoan. Datozen 48 orduetan zikloi bihurtu daiteke.
Gainera, beste bi ekaitz Atlantikoan daude. Urakan denboraldi oso aktiboa izaten ari da Ozeano Atlantikoan.