Mundua -

Egipto

24 pertsona hil dira Kairon, koptoen eta militarren arteko istiluetan

Kristauek manifestazioa egin dute, eta telebista publikoaren egoitzara heltzean, Armadak eraso egin die, betiere lekukoen esanetan.

Istiluen une bat. EFE
Istiluen une bat. EFE
Kristau eta militarren arteko istiluak Kairon: 24 hildako

01:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 24 pertsona hil dira eta 213 zauritu Kairon, koptoen (Egiptoko kristauak) eta militarren arteko istilu batzuen ondorioz. Otsaileko iraultza demokratikoen osteko istilu larrienak dira. Une honetan 3.000 lagun segurtasun indarren aurkako protestetan parte hartzen ari dira.

Manfiestariek hainbat ibilgailu erre egin dituzte. Protestak Abbasiya elizatik gertu izaten ari dira.

Istiluak kristauen manifestazio batean jazo dira. Koptoek Asuan probintzian eliza bat partzialki eraitsi izanaren aurka protesta egiteko manifestazioa egin dute, eta lekukoen arabera, gutxienez bitan eraso diete. Martxaren 10.000 partaideak telebista publikoaren egoitzara heldu direnean hasi dira enfrentamenduak.

"Era baketsuan manifestazioa egiten ari ginen, eta telebista publikoaren egoitzara heldu garenean, Armada benetako munizioarekin tiro egiten hasi da", esan du manifestarietako batek.

Telebista irudietan, ibilgailu militarrak ikus daitezke, manifestariengana abiadura handian hurbiltzen. Beste irudi batzuetan, hainbat pertsonak aurpegia eta gorputza suntsituta dituzte, ustez ibilgailuok harrapatuta.

"Gaur gertatutakoak ez du aurrekaririk. Hildakoetako 17, gutxienez, ibilgailu militarrek harrapatuta hil dira", salatu du Hossam Bahgat Giza Eskubideen aldeko ekintzaileak.

Manifestariek harriak eta molotov koktelak jaurti dizkiete militarrei, eta ondorioz su eman diete ibilgailu batzuei. Ehunka Tahrir plazara joan dira, protestarekin jarraitzeko.

Istiluen ostean, kristauak Alejandrian eta beste hainbat tokitan ere hasi dira protesta egiten.

Gobernuak 'konplota' salatu du

Testuinguru horretan, Esam Sharaf lehen ministroak hitzaldia eskaini du telebistan, eta istiluak "konplot" baten parte direla salatu du.Sharafen hitzetan, segurtasunaren aurkako mehatxu nagusiak batasun nazionala haustea eta kristauen eta musulmanen artean, eta herritarren eta militarren artean, hausturak izatea dira.

Etxeratzeko agindua

Hori horrela, Egiptoko Indar Armatuen Batzorde Gorenak etxeratze agindua ezarri du gaurko Tahrir plazan eta Kairoko erdigunean, 02:00etatik 07:00etara.

Egiptoko Armadaren kontrako haserreaz betetako hileta

Milaka pertsonek agur esan diete gaur (Egiptoko kristauei) Kairon izandako istiluetan hil diren koptoei egindako hiletan. Junta militarraren kontrako haserrea nabarmena izan da, eta istiluak haiek sortu izana salatu diete. Segurtasun neurri handien artean esan diete agur hildakoei.

Hiletara joan diren pertsonek Indar Armatuen kontseilu Gorenaren eta horren buruaren, Husein Tantaui (Hosni Mubarakek bere kargua otsailean utzi zuenetik bera dago karguan) mariskalaren, kontrako leloak oihukatu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea