Mundua -
Iruzkina
Kristauen jazarpena Egipton
Seguru asko ez zuten usteko Egiptoko garai berri honetan, horrelako gogortasunarekin zigortu behar zituztenik.
Jesus Torquemada
Egipton kristauen kontra izandako indarkeriak zalantzak sortu ditu berriro herrialde horretako iraultzaren etorkizunaz. Eliza kristauak erretzea ez da berria; presidente kargutik kendutako Mubaraken garaian ere gertatzen zen eta orain berriro gertatu da. Beraz, norbaitek, muturreko musulmanek seguru asko, eliza bat erre zuten Asuanen eta Kairoko kristauak kalera atera ziren manifestazioan. Ziurrenik ez zuten usteko Egiptoko garai berri honetan, horrelako gogortasunarekin zigortu behar zituztenik.
Armadak euren kontra kargatu zuen eta azkenean, 24 pertsona hil eta 200dik gora zauritu ziren. Egipto musulman bilakatu baino lehenagotik daude kristau koptoak herrialdean. Musulmanek Egipto konkistatu zutenean, VII. mendean, kristauek bost mende zeramatzaten han. Gaur egun, zortzi milloi lagun dira, Egiptoko herritarren % 10 inguru.
Salafistek, muturreko musulmanek, herrialde musulman garbia nahi dute, eta hortaz, kristau horien kontrako kanpainak egiten dituzte. Otsaileko iraultzaren garaipenaren ondoren, babes handiagoa izango zuten Egipto demokratiko bat espero zuten kristauek, baina ez da horrela izaten ari.