Mundua -
Afrikan
Bi espainiar boluntario bahitu dituzte Kenyan
Mugarik Gabeko Medikuak elkarteko bi langile bahitu dituzte Dabaabeko errefuxiatu esparru batean (Kenya), Somaliako mugatik 100 kilometrora.
Erredakzioa
Espainiako Mugarik Gabeko Medikuak taldeko bi langile espainiar bahitu dituzte errefuxiatuen gune batean, Dadaaben (Kenya), Javier Lopez Cifuentes Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziako (ACNUR) goi kargudunak jakitera eman duenez.
Lopez Fuentesen arabera, bahiketa bertako 13:30 inguruan (10:30, GMT) izan da, Ifoko errefuxiatuen gunean, Dabaabeko ekialdean, Somaliako mugatik 100 kilometrora.
Mugarik Gabeko Medikuak taldeko ordezkariek ere eman dute bahiketaren berri, baina ez dute bi pertsonen herritartasuna jakitera eman. Kenyan duten langile bat, ibilgailua gidatzen zihoana, zauritu dutela gaineratu dute. Dirudienez, lapurren tiro bat jaso du, eta Dadaabeko ospitalean dago orain.
Lopez Cifuentesek azaldu duenez, "duela aste batzuk" CARE International gobernuz kanpoko erakundeari 4x4 motako ibilgailu bat kendu zioten Dadaaben, eta haren gidaria ere ez da oraindik agertu.
Azken asteotan, atzerritar asko bahitu dituzte Kenyan, Somaliarekin (1991tik gerra zibila jasaten ari dira) mugan dauden guneetan.
Azkeneko bahiketan, urritasun fisiko bat zuen frantziar herritar bat harrapatu zuten, urriaren 1ean, Lamu artxipelago turistikoan (Kenya).
Kenyako Gobernuak segurtasun talde batzuk bidali ditu duela gutxi Somaliako mugara, zaintza lanak egin ditzaten.