Mundua -

Frantzia

Burua moztu diote irakasle bati Parisen

Poliziak hil egin du ustezko erasotzailea eta Terrorismoaren aurkako Fiskaltzak ikerketa bat jarri du abian. Mahomaren karikaturak erakutsi zituen klasean, eta hori izan liteke erasoaren arrazoia.

Erasoa gertatu den tokia. Agentziek bidalitako bideo batetik hartutako irudia
Erasoa gertatu den tokia.
Erasoa gertatu den tokia. Agentziek bidalitako bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irakasle bati burua moztu diote Eragny herrian, Paris ipar-ekialdetik 30 bat kilometrora, eta Poliziak tiroz hil du ustezko erasotzailea. Frantziako Terrorismoaren aurkako Fiskaltzak ikerketa bat jarri du abian.

Gertakaria eskola baten inguruan jazo da, 17:00ak aldera. Ordu horretan ohartarazi dute Polizia lepoa moztuta duen gizon baten hilotza topatu dutela esanez.

EFE agentziaren arabera, Terrorismoaren aurkako Fiskaltzak erakunde terrorista eta gaizkile talde batekin lotutako hilketa gisa ari da kasua ikertzen.

Actu 17 agerkari digitalak zabaldu duenez, biktima bigarren hezkuntzako Historia eta Geografia irakaslea da. Eragny ondoko herri batean ematen zituen eskolak eta, antza denez, Mahomaren karikaturak erakutsi zituen klasean. Poliziak uste du hori izan daitekeela erasoaren arrazoia.

Erasotzaileak gerrikoan lehergailua zeramalakoan, agenteek segurtasun-neurriak zorroztu dituzte eta terrorismoaren aurkako taldearen laguntza eskatu dute.

Lehen datuen arabera, erasotzaileak labana batekin mehatxu egin die hurbildu zaizkion poliziei, eta horiek tiroz erantzun diote. Susmagarria bertan hil da.

Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren aurkako atentatua 2015ean izan zen eta egunotan ari dira epaiketa egiten. Duela zenbait aste beste eraso bat izan zen aldizkari horrekin lotuta.

Testuinguru honetan, Terrorismoaren aurkako Fiskaltzak hartu du ikerketaren ardura.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Paris Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Irakasleak