Mundua -
KORONABIRUSA
Ezinbestekoak ez diren jarduera gehienak itxiko ditu Irlandak, sei astez
Neurri murriztaileak asteazken gauerdian sartuko dira indarrean. Hala ere, ikastetxeak eta haurreskolak eta eraikuntzako enpresak zabalik egongo dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Irlandako Gobernuak ezinbestekoak ez diren jarduera gehienak itxiko ditu sei astez, koronabirusaren kutsatze katea apaltzeko. Dena den, ateak zabaldu ahalko dituzte, besteak beste, ikastetxeek eta haurreskolek eta eraikuntzako enpresek. Neurri berriak asteazken gauerdian sartuko dira indarrean.
Horrela, Irlanda 5 mailara itzuliko da, eta ile-apaindegiak eta ezinbestekotzat jotzen ez diren saltokiak itxiko dituzte. Irlandako Gobernuaren helburua da azaroaren amaieran 3 mailara itzultzea eta abenduaren 25a baino lehen 2 mailara jaistea.
Halaber, pandemiagatik ezarri zuen langabezia saria berrezarriko du Gobernuak. Horren arabera, 350 euro emango dizkie Irlandako Gobernuak astean 400 euro edo gutxiago irabazten dituzten langileei.
Gainera, ariketa fisikoa egiteko ohiko bizilekutik gehienez ere bost kilometrora joan ahalko dira eta ezkontzetan gehienez ere 25 gonbidatu izango dituzte. Halaber, taberna eta jatetxeak ere itxiko dituzte, etxera eramateko zerbitzua eskaintzen dutenak izan ezik.
Irlandako Osasun Ministerioak astelehen honetan jakitera eman duenez, 1.031 koronabirus kasu berri atzeman dituzte azken 24 orduetan. Apirilaren 10ean, kasuek goiko langa jo zuten, 1.508 positiborekin. Hala ere, astelehen honetan ez dute hildakorik zenbatu. Birusaren intzidentzia azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 251 kasukoa da.