Mundua -
Matxinoen talde batek bahituta
Marie Dedieu Kenyan bahitutako frantziarraren heriotza iragarri dute
Urrian Kenyan bahitu eta Somalian gatibu izan duten emakumearen heriotza iragarri du Frantziako Gobernuak. Oraingoz, ez dakizkite heriotzaren nondik norakoak.
Erredakzioa
Frantziako Atzerri Ministerioak asteazken honetan jakinarazi duenez, Marie Dedieu, urriaren 1ean Kenyan bahitu eta Somalian gatibu izan duten emakumea, hil egin da.
"Zoritxarrez, litekeena da gertaera tragikoa egiazkoa izatea", adierazi du Ministerioak, "bereziki, Dedieu andrearen osasun egoera zein zen eta bahiketaren baldintzak kontuan hartuta". "Litekeena da bahitzaileei bidalitako sendagaiak emakumeari eman ez izana", gaineratu du.
Ministerioak jakitera eman duenez, Marie Dedieuren senitartekoak jakinaren gainean daude dagoeneko. Gobernuak "tristura handia" adierazi du eta biktimaren senitartekoei "elkartasuna" erakutsi die. Gainera, "bahitzaileek erakutsitako krudeltasunaren aurrean sumina" sentitu dutela azpimarratu du Ministerioak ohar horretan. "Bahitzaileak identifikatu eta Justiziaren aurrera eramango ditugu", gaineratu du.
Azkenik, "Marie Dedieuren gorpua baldintzarik eta atzerapenik gabe itzultzea" exijitu du. Dedieuk 66 urte zituen eta azken 15 urteak eman zituen Kenyako Lamu uhartedian bizitzen. Ustez, Al Shabaab talde islamiarraren hamar kide somaliarrek bahitu zuten, armak zeramatzatela.