Mundua -
Turkia
'Charlie Hebdo' aldizkaria ikertuko du Turkiako Fiskaltzak, Erdogan iraintzeagatik
Turkian legez kontrakoa da presidentea iraintzea. Horregatik, Ministerio Publikoak erabaki du ikerketa abiatzea, aldizkari horrek Kode Penala urratu duelakoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Turkiako Fiskaltzak iragarri du Frantziako Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren aurkako ikerketa abiatuko duela, azken portadarekin Kode Penala urratu duela iritzita. Izan ere, Recep Tayyip Erdogan presidentearen karikatura azaldu da aldizkari horren azken alean.
Turkian legez kontrakoa da presidentea iraintzea. Horregatik erabaki dute ikerketa abiatzea, Anatolia albiste agentziak jakitera eman duenez.
Fiskaltzaren abisuarekin batera, Turkiako Presidentetzaren oharra iritsi da. Horren bidez, "beharrezko diren neurri juridiko eta diplomatikoak" hartuko dituztela jakinarazi dute, Erdoganen karikaturak "turkiarren eta islamaren aurkako areriotasuna" islatzen duela argudiatuta.
"Herrialde guztiei eskatu nahi diegu, bereziki Frantziari, arduraz eta zuzen jokatzeko azken asteetan jasan ditugun probokazioen aurrean", exijitu dute Erdoganen bulegotik. "Charlie Hebdoeren portada tentsioak areagotzeko urrats bat da", gaineratu dute.
Erdoganek berak ere eman du argitalpen horri buruzko iritzia, ez soilik jasan duen erasoagatik, "Mahoma defendatzea ohore kontua delako" baizik.