Mundua -

Hauteskundeak

AEBko hauteskunde delituen fiskalburuak dimisioa eman du Barren aginduaren ostean

Pilgerrek salatu du ustezko hauteskunde iruzurra ikertzeko aginduak "40 urte dituen arau bat urratzen" duela, hauteskundeen baieztapena iritsi aurreko tartean "eskurik ez sartzeko" dioena, alegia.

William Barr fiskal nagusia. Argazkia: Efe
William Barr fiskal nagusia. Argazkia: Efe
William Barr fiskal nagusia. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Richard Pilger AEBko Justizia Departamentuko hauteskunde delituen zuzendariak dimisioa eman zuen atzo, William Barr fiskal nagusiak hauteskundeetako ustezko iruzurra ikertzeko agindua eman ostean.

"Arau berria eta bere ondorioak ondo ezagutu ostean, zoritxarrez uko egin behar diot nire karguari" iragarri du Pilgerrek komunikabideei filtratu dioten barne komunikazio batean.

Pilgerrek salatu duenez, Barren aginduak "40 urteko arau bat urratzen du, hauteskundeen baieztapena iritsi arteko tartean hauteskunde iruzurraren ikerketetan eskurik ez sartzeko dioena".

Barrek kritikatu egin zuen Pilgerren jokabidea eta Justizia Departamentuko fiskal guztiei hauteskundeetan ustez izan diren irregulartasunak ikertzeko eskatu zien, emaitzak behin betikoak izan baino lehenago.

"Pisuzko salaketak ikertzeko baimena ematen dut", adierazi zuen Barrek fiskalei igorritako aginduan. "Aipatu ikerketak eta berrikuspenak salaketak argiak eta sinesgarriak direnean egin daitezke, eta egiazkoak izatekotan estatu jakin bateko emaitzari eragiten diotenean", gaineratu zuen.

Agindu horrekin, Barrek Trumpen estrategiaren aginduetara jarri zituen fiskal federalak. Izan ere, Trumpek ez du hauteskundeak galdu zituela onartzen, eta hauteskunde iruzurra salatzen du frogarik aurkeztu gabe.

Alderdi Errepublikanoak eta Trumpen kanpainako taldeak dozena batetik gora salaketa jarri dituzte hainbat estatutan ustezko irregulartasunengatik, baina badirudi egiazkoak izanda ere ez liratekeela nahikoa izango emaitza iraultzeko.

Hauteskundeak auzitegietan irabazteko, Trumpek Pennsylvaniako, Georgiako eta Nevadako edo Arizonako emaitza irauli beharko luke, eta dagoeneko Bidenek eskuratu du garaipena denetan, edo aurrea hartu du nabarmen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Hauteskundeak