Mundua -
Paraguain
Krisialdian ahulenak babesteko eskatu dute Iberoamerikako goi-bileran
Paraguaik Unasurreko, Hegoamerikako Nazioen Batasuna, aldi baterako presidentzia hartu du.
Erredakzioa
Asuncionen bildu diren Iberoamerikako buruzagiak "krisialdian ahulenak babesteko" adierazpena onartu dute, inbertsio soziala babesteko politikak suspertuz.
XXI. Iberoamerikako goi-bileraren amaieran, 58 puntu dituen Asuncioneko Adierazpena onartu dute. Bertan, Paraguaik lekukoa Espainiari pasa dio, 2012ko bilera hartuko duen herrialdea; Cadizen egingo da goi-bilera.
Bestalde, Ekintza Plan bat ere onartu dute eta 2007 urtean adostu zuten kooperazio estrategia berrikustea aurreikusten dute bertan. Gainera, ordutik egon diren aurrerapenak kontutan hartuta berri bat egitea adostu dute, "Iberoamerikako identitatea" suspertzeko helburuarekin.
Paraguain egin den goi-bileran, inoiz baino buruzagi gutxiago joan diren topaketan (22 buruzagi), Asuncioneko Adierazpenenan "ahulenak babesteko politikak, programak eta ekintzak ezartzea defendatu dute.
Orokorrean, adierazpenak ongi kudeatutako eta Estatu garden baten alde egiten du, eta goi-bileraren gai nagusia eztabaidatu dute: Estatuaren eraldaketa eta garapena.
Zentzu honetan, pobreziarekin amaitzeko eta ezberdintasunak ekiditeko "Estatuaren papera" suspertu nahi dute, inbertsio sozial iraunkor baten bitartez.
Asuncioneko Adierazpenak herri indigenen identitatearekiko errespetua hartzen du bere gain "euren eskubide eta ardurak izan ditzaten". Emakumeen eskubideekiko konpromesua ere berretsi dute "maila guztietan berdintasuna lortzeko".
Adierazpenak gainera, teknologia berrien sustapenari eskaintzen dio atal bat "informazio eta komunikazioaren teknologia berriak barne", garapenerako duten garrantziagatik.
Azkenik, Paraguaik Unasurreko aldi baterako presidentzia hartu du, hezkuntzan, energian, arlo sozialean eta azpiegituretan batasun prozesu bat indartzeko konpromesuarekin.