Mundua -

Koronabirusa

COVID-19aren kontrako lehen txertoak abendua bukatu baino lehen jar litezke EBn

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak hala iragarri du Europako Parlamentuan egin duen agerraldian.

Von der Leyen, gaurko agerraldian. Argazkia: EFE
Von der Leyen, gaurko agerraldian.
Von der Leyen, gaurko agerraldian. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak gaur iragarri duenez, litekeena da COVID-19aren aurkako lehen txertoak abendua bukatu baino lehen jartzea Europar Batasunean.

Von der Leyenek Europako Parlamentuan egin du iragarpena, abenduaren 10ean eta 11n egingo duten goi bileraren nondik norakoak aurkezteko agerraldian.

"Lehen europarrak abendu amaiera baino lehen egon litezke txertatuta. Azkenean tunelaren amaieran argia ikusten ari gara", nabarmendu du.

Europako Batzordeak adostutako irizpideen arabera, txertoaren dosiak iritsi ahala banatuko dituzte estatukideen artean, biztanleriaren arabera. Joan den astean argi utzi zuen Von der Leyenek: ezein txerto ez da zabalduko Europar Batasunean Botiken Europako Agentziaren kontrolak igaro gabe. Entsegu klinikoetan dauden txertoek ez dute oraindik Agentzia horren oniritzirik.

Dena dela, baikor agertu da Europako Batzordeko presidentea eta estatukideei eskatu die txertaketa kanpainek behar duten logistika guztia prestatzen hasteko: materiala, txertaketa guneak, hotz-katea bermatzeko azpiegiturak eta abar.

"Ezin ditugu akats berak errepikatu"

Zuhurtzia ere agertu du Von der Leyenek eta gobernuek egindako "akatsetatik" ikasi behar dutela azpimarratu du. Horren ildoan, eskatu du konfinamendu neurriak "arinegi" ez lasaitzeko, udan egin zuten bezala, bestela Gabonen ostean "hirugarren olatu baten" aurrean egongo direlako.

"Ospitaleak presiopean daude oraindik, eta zenbait eskualdetan ZIUak gainezka daude. Badakit enpresaburuak, ostalariak eta zerbitzariak murrizketak amaitzeko zain daudela, baina udan gertatutakoarekin ikasi behar dugu: ezin ditugu akats berak errepikatu", adierazi du.

Alemaniako politikariaren esanetan, egoera "larria" da eta gogorarazi du azken astean Europar Batasunean heriotza gehien eragiten dituen gaixotasuna bihurtu dela koronabirusa: 3.000 heriotza egunean. 

"Arinegi eta larregi erlaxatzea arrisku handia da, Gabonen ostean hirugarren olatu bat ekar lezakeelako", nabarmendu du. Hori horrela, festak "ezberdinak, lasaiagoak" izan behar direla helarazi die gobernuei eta herritarrei.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen da munduan? Europar Batasuna Europako herrialdei buruzko albisteak Gaixotasunak argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Txertoak azken ordukoa Koronabirusa