Mundua -

Kolonbia

Indarkeria hazi egin da Kolonbian, bake akordioa sinatu eta lau urte geroago

Talde armatuen ekintzek % 65 egin dute gora lehenengo urtearekin alderatuz, baina orain gehienak ez ditu FARCek egiten.

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidente ohiak berak utzitako ondarea azpimarrat du. Argazkia: EFE
Juan Manuel Santos
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidente ohiak berak utzitako ondarea azpimarrat du. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakizoa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

FARCekin bake akordioa sinatu eta lau urtera, biolentzia areagotu egin da Kolonbian, eta gerrillari ohiaik eta lider sozialak izan dira indarkeria horren helburu. Sarraskiak gero eta gehiago dira, eta, aste honetan bakarrik, 15 pertsonatik gora hil dituzte.

Kolonbiako gerrilla handiena zenaren eta Gobernuaren arteko akordioak itxaropena zabaldu zuen herrialdean, baina, denbora pasa ahala, desagertu egin da. Hala ere, politikaren sektore batzuek oraindik ez dute galdu herriak gatazka armatutik ateratzeko behin betiko urratsa emango duen esperantza.

Errealitatea, ordea, latza da. 2016ko azaroaren 24tik 242 gerrillari ohi eta mila lider sozial inguru hil dituzte. Gainera, ehunka pertsona hil dira talde armatuek herrialde osoan zehar egindako sarraskietan.

Azken biak asteburuan jazo dira Antioquia departamenduko Betania herrian (hamar kafe-biltzaile hil dituzte bertan) eta Cauca gatazkatsuko Argelian (bost pertsona hil dituzte El Mango etxaldean).

Indarkeria gero eta handiagoa

Funadion Ideas para la Paz (FIP) fundazioaren azterketa baten arabera, talde armatuen ekintzek % 65 egin dute gora bakerako ituna sinatu osteko lehenengo urtearekin alderatuz, 225etik 318ra igo baitira.

Fundazioak azaldu duenez, “FARCen su-etenaren aurretik, ekintza armatuen % 78 gerrilla honek egindakoak ziren. Lau urte geroago, horien % 38 Nazio Askapenerako Armadak (ELN) egin ditu, eta beste % 34 disidentziek”.

Akordioaren defentsan

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidente ohiak, gerrillaren azken buruzagi Rodrigo Londoñorekin akordioa sinatu zuenak, berak utzitako ondarea azpimarratu du, honakoa esanez: “Bereizi egin behar dira FARCekin egindako bake-akordioa eta beste talde kriminal batzuek sortutako indarkeria”.

“FARCekin sinatutako akordioa eraginkorra izan da, eta indarkeria adierazleek (hilketak, hartualdiak, azpiegiturei egindako erasoak eta bahiketak) oso datu adierazgarriak utzi zituzten 2017 eta 2018ra arte, % 70 eta % 80 artean egin baitzuten behera”, esan du agintari ohiak EFE agentziari eskainitako elkarrizketa batean.

FARC alderdiaren ikuspegia eta Gobernuarena

Julian Gallo (Carlos Antonio Lozada izenarekin egin zen ezagun gerrillari gisa aritu zen urteetan) Fuerza Alternativa Revolucionaria del Común (FARC) alderdi politikoaren lider eta senatariaren hitzetan, “akordioaren alde positiboa da 50 urtetik gorako gerra bat amaitu zela eta gatazkaren ondorioz lozorroan zeuden hainbat indar sozial eta politiko berpiztu zirela”.

Kritikei erantzunez Rafael Guarin Segurtasun Nazionalerako aholkulari presidentzialak azaldu duenez, “akordioa sinatzeak indarkeriaren amaiera ekarriko zuela esan zioten herriari Santosen Gobernuaren bake-negoziatzaileek eta FARCekoek, kriminalitatea desagertu egingo zela ia-ia inork ez ulertzeko moduan, sarraskiak eten egingo zirela”.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Bahiketak Eguneko albisteak Albisteak Kolonbia Erailketak